Soinu-jotzaileen arteko dema

Getariako Hitza 2011ko mai. 5a, 13:30

Ba ote da soinuz girotu gabeko festarik? Getariarrek Euskal Jai Eguna ospatuko dute hilaren 28an, eta jardunaldi osoan zehar, kaleetan barrena, trikitixaren doinua present izango da. Arratsalde partean, ohiturari jarraituz, Trikitilari Gazteen XII. Getariako Txapelketa jokatuko dute, herriko plazan. Bertan, 18 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte, eta izena udaletxeko bulegoetan eman daiteke edo 943-89 60 24 telefono zenbakira deituta. Eta horretarako azken eguna maiatzaren 18a izango dute. Deialdia irekia bada ere, sei bikote sailkatuko dira txapelketara. Beraz, bikote asko apuntatuko balira, kanporaketa bat egongo litzateke, txapelketa aurretik; iaz, esaterako, zortzi bikote aurkeztu ziren. Baserritarrez jantzita, bikote bakoitzak hiruna pieza jo beharko ditu jendaurrean: trikitia eta pot-pourria derrigorrezkoak izango dituzte eta, ondoren, aukeran izango dute zer pieza jo; besteak beste, arin-arina, fandangoa edo porrusalda. Bestalde, pot-pourriak gehienez ere 7 minutu iraun ahal izango du. Epaimahaiak hainbat ezaugarri hartuko ditu kontuan irabazleak erabakitzeko unean: piezen zailtasuna, sinkronizazioa, jotako piezak, dantzagarritasuna eta pandero-jotzailearen papera, hain zuzen ere. Txapelketarako oinarriak Getariako udaletxean eta www.getaria.net webgunean aurkitu daitezke. Txapelketa nagusira sailkatzen diren bikote guztientzat egongo dira sariak. Bikote onenak irabazlearen txapela jasotzearekin batera, garaikurra eta 300 euro jasoko dute. Txapeldunordeak garaikurra eta 200 euro jasoko du. Hirugarren postuan sailkatzen den bikoteak 140 [...]

Ba ote da soinuz girotu gabeko festarik? Getariarrek Euskal Jai Eguna ospatuko dute hilaren 28an, eta jardunaldi osoan zehar, kaleetan barrena, trikitixaren doinua present izango da. Arratsalde partean, ohiturari jarraituz, Trikitilari Gazteen XII. Getariako Txapelketa jokatuko dute, herriko plazan. Bertan, 18 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte, eta izena udaletxeko bulegoetan eman daiteke edo 943-89 60 24 telefono zenbakira deituta. Eta horretarako azken eguna maiatzaren 18a izango dute.
Deialdia irekia bada ere, sei bikote sailkatuko dira txapelketara. Beraz, bikote asko apuntatuko balira, kanporaketa bat egongo litzateke, txapelketa aurretik; iaz, esaterako, zortzi bikote aurkeztu ziren. Baserritarrez jantzita, bikote bakoitzak hiruna pieza jo beharko ditu jendaurrean: trikitia eta pot-pourria derrigorrezkoak izango dituzte eta, ondoren, aukeran izango dute zer pieza jo; besteak beste, arin-arina, fandangoa edo porrusalda. Bestalde, pot-pourriak gehienez ere 7 minutu iraun ahal izango du.
Epaimahaiak hainbat ezaugarri hartuko ditu kontuan irabazleak erabakitzeko unean: piezen zailtasuna, sinkronizazioa, jotako piezak, dantzagarritasuna eta pandero-jotzailearen papera, hain zuzen ere. Txapelketarako oinarriak Getariako udaletxean eta www.getaria.net webgunean aurkitu daitezke.
Txapelketa nagusira sailkatzen diren bikote guztientzat egongo dira sariak. Bikote onenak irabazlearen txapela jasotzearekin batera, garaikurra eta 300 euro jasoko dute. Txapeldunordeak garaikurra eta 200 euro jasoko du. Hirugarren postuan sailkatzen den bikoteak 140 euro jasoko du, eta laugarren, bosgarren eta seigarren postuetako bikoteei 90 euro emango diete. Iaz Monik Valor eta Eider Iraola zestoarrak izan ziren garaile.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide