Atzo aurkeztu zuen Getariako Bilduk hauteskundetako hautagaien zerrenda, Espainiako Auzitegi Gorenak koalizioa legez kanpo utzi zuen egun berean. Nika Lertxundi alkategaiak jakinarazi zuenez, “haize eta aurpegi berriak beharrezkoak dira Getarian”, eta “aldaketa komenigarria” dela adierazi zuen koalizioak, “gauzak beste era batera egiteko”: “Azken garaiotan egindako ahalegin eta hausnarketari esker, geure ezberdintasunak gainditu eta batzen gaituenetik abiatuz Getarian politika egin nahi dugu”, adierazi zuen Bilduk.
Alhondegian egin zuten agerraldian taldeak adierazi zuen euren proiektuaren helburua “etorkizunera begira Getaria eta Euskal Herri hobe bat eraikitzea” dela, eta horretarako lan esparrua Udala izatea nahi du koalizioak.
Lan ildoei dagokienez, hautagaiek azpimarratu dute “gizartearen inplikazioa ezinbestekoa” dela; horretarako, parte hartzea sustatu nahi dute: “ Herriko erabaki garrantzitsuenetan herritarrek parte hartu eta iritzia ematea sustatuko dugu. Demokrazia, herritarren partaidetza ezin da lau urtean behin paper bat kutxa batera botatzera mugatu. Hori baino askoz gehiago da”.