Zelatunen egingo dute maiatzaren 1ean Gipuzkoako larreen irekiera ekitaldi nagusia

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 29a

Zelatun. (Urola Turismoa)

Gipuzkoako Foru Aldundiak Hernio magaleko zelaiak aukeratu ditu aurten urteroko ekitaldi publikoa egiteko, Errezilgo Udalarekin elkarlanean. Inguruetako hainbat abeltzainek ardiak, zaldiak eta behorrak igoko dituzte etzi Zelatunera.

Maiatzaren 1a iizango da aurten ere Gipuzkoako larreen irekiera irudikatzeko eguna. Egun horretan, guztira 637 abeltzainek igoko dituzte beren abelburuak lurraldeko mendietako larreetara. Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero egin ohi du, halaber, larreen irekiera egun horretan ekitaldi publiko bat, eta aurtengoa Zelatunen egingo du, Errezilgo Udalarekin elkarlanean.

Etzi, 11:30ean hasiko da larreen irekierako ekitaldia, 11:45ean igoko dituzte abereak –ardiak, zaldiak eta behorrak– inguruetako hainbat abeltzainek. Hortik aurrera, bertako produktuen azaokatxoa, hamaiketakoa eta musika ere ez dira faltako, festa giroan gauzatuko den ekitaldia borobiltzeko.

Hau da maiatzaren 1erako Zelatunen prestatu duten egitaraua:

  • 11:30. Agurra eta larreen irekiera ofiziala.
  • 11:45. Abereen igoera.
  • 12:00. Artzaiekin topaketa, eta jarraian, hamaiketakoa.
  • 13:00. Ekitaldiaren amaiera.
  • Ekitaldi osoa trikitilarien musikarekin girotuta egongo da eta bertako produktuen azokatxoa ere egingo dute.

"Urteko mugarri" den larreen irekiera egunaren "garrantzia eta sinbolismoa" nabarmendu nahi izan ditu Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak. Maiatzaren 1eko ekitaldia "mendeetan zehar Gipuzkoako kultura eta nortasuna zaindu duten abeltzainen eta familien zereginaren aitorpena" dela adierazi du beizamarrak, eta kolektibo horrek "biodibertsitatearen zaintzan eta lurraldearen oreka berdean" duen zeregina azpimarratu du: "Abeltzainen lana ez da soilik herritarrak tokiko elikadura osasuntsu eta osasungarriarekin hornitzea, askoz haratago doa. Horrelako ekintzen bidez, sektorea zaintzea, tokikoaren aldeko apustua egitea eta abeltzainek gure ingurune naturala eta gure ongizatea zaintzeko egiten duten lana balioestea ezinbestekoa dela jakinarazi nahi diegu herritarrei".

Aurtengo ekitaldia, gainera, Nazio Batuek bultzatutako Larreen eta Artzaintzaren Nazioarteko Urtearen barruan ere kokatuko da. Ekosistema horiek lurraldearen orekan, biodibertsitatearen kontserbazioan eta lehen sektorearen jasangarritasunean duten garrantzia aitortzea eta gizarteratzea da Nazio Batuen egitasmoaren helburua. Ildo beretik, aldundiak "berretsi" nahi du "larreen kudeaketa iraunkorrarekin eta abeltzaintza jarduerari laguntzearekin duen konpromisoa", besteak beste, "paisaia mantentzeko, suteak prebenitzeko eta lurraldearen garapen orekaturako funtsezkoa" dela iritzita.

Oinez edo ibilgailua partekatuta

Aldundiak eta udalak Zelatunera joan nahi dutenentzat argibideak eta gomendioak eman dituzte. Hain zuzen ere, Zelatunera oinez igotzea gomendatu dute bi erakundeek, ibilgailuak Trintxeran edo Iturriotzen aparkatuta.

Autoz joatekotan, berriz, ibilgailua partekatzea eskatu dute antolatzaileek, "autoen kopurua murrizte aldera".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide