Datorren apirilaren 25ean, larunbatez, lehenengo Erniope rallysprinta egingo dute Errezilgo eta Bidania-Goiazko lurretan; zehazki, Lapatx zabortegia eta Bidania-Goiatz artean. Horrela, Ardatz Motorsport elkarteko kideek egia bihurtuko dute duela gutxira arte amestu bakarrik egiten zutena. Udazkenean, bigarren Motor Asteburuaren aurkezpenean, aipatu zuten garai batean herrian egiten zen automobilismo proba berreskuratzeko nahia, artean benetan gauzatzeko gai izango ziren ziurtasunik gabe, baina dagoeneko prest dute proba iragartzen duen kartela, hitz egin dute eragingo dien bizilagunekin, eta datozen egunetan egingo dute lasterketaren aurkezpen ofiziala.
Probaren inguruko informazio gutxi aurreratu dute oraingoz. Jakinarazi dutena da bezperan, ostiral arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara bitartean, egingo dituztela egiaztapenak; eta proba bera larunbatean izango dela, 10:00etan hasita; dena ondo bidean, 20:00 alderako bukatzea espero dute. Lasterketak lau txanda izango ditu, bi gorantz eta bi beherantz, eta errepidea itxita izango da 09:00etatik aurrera.
Probaren egunean 54 segurtasun postu egotea aurreikusten dute, baita 120 boluntario beharko dituztela ere, eta laguntzeko prest leudekeen herritarrei animatzeko deia egin diete. Horretarako, antolatzaileekin harremanetan jarri beharko dute herritarrek, 669 80 64 28 telefono zenbakira deituta.
Zenbat gidarik izena eman duten, ibilbidearen ezaugarriak eta probaren inguruko gainontzeko xehetasunak datozen egunetan jakinaraziko dituzte antolatzaileek, baina dagoeneko hainbat eskaera egin dizkiete herritarrei. Besteren artean, eskatu diete proba ikusteko horretarako egokitutako guneak baliatzeko, ingurumena zaintzeko eta lasterketaren egunean zein aurreko egunetan lanean ariko diren arduradunen, komisarioen eta boluntarioen lana errespetatzeko eta haiek emandako jarraibideak betetzeko, dena behar bezala joan dadin. Horrez gain, arduraz jokatzeko eta arriskutsuak izan daitezkeen jokabideak saihesteko ere eskatu dute, eguna giro onean eta ezbeharrik gabe joatearen garrantzia nabarmenduta.
Garbi utzi dute antolatzaileen lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea dela. Hori horrela, larrialdiren bat suertatuko balitz, proba eteteko aukera hor legokeela adierazi dute, baita proba dela eta sartu-irtenerako aukerarik gabe gelditzen diren etxebizitzetako bizilagunek larrialdiren bat duten kasuetan ere.