Ibarbi sagarraren loraldiaz gozatzeko bisita gidatuak egingo dituzte asteburuan Errezilen

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 9a

'Ibarbi sagarraren loraldia' bisita gidatua, iazko udaberrian, Errezilen. (Urola Turismoa)

Urola Turismoak 2026ko Urola, historia eta paisaia bazterrak egitasmoaren lehen hitzorduak izango dira. Zapatuan euskaraz eta igandean gaztelaniaz, Errezilgo parrokiatik 10:00etan irtenda osatuko dute bi egunetan Ibarbi Sagarraren Ibilbidea, eta bertako produktuak dastatuko dituzte amaieran. Loiolako Turismo Bulegoan nahiz Ekoetxean eman behar da izena.

Joan den astean aurkeztu zuen Urola Turismoak aurtengo Urola, historia eta paisaia bazterrak bisita gidatuen egitasmoa, eta asteburu honetan egingo dituzte apiriletik abuztu bukaera arterako prestatu dituzten 24 irteeretatik lehendabiziko biak.

Iaz bezala, Errezilen hasiko dute 2026an ere Urola, historia eta paisaia bazterrak egitasmoa, Ibarbi sagarraren loraldia izeneko bisita gidatuaren bi ekinaldirekin. Udaberrian sagarrondoen loraldiak Errezilen sortzen dituen "paisaia ikusgarriak" bertatik bertara ikusteko eta Ibarbi Sagarraren Ibilbidea osatzeko parada izango dute asteburuko bisita gidatuetan parte hartzuko dutenek. Hiru bat orduko txangoan Ibarbi sagarraz eta Errezilgo ondareaz, naturaz eta ohiturez hainbat kontu ezagutu ondoren, Errezil bertako produktuak dastatzeko aukera ere izango dute bisitariek, tartean sagarretik eratorritako hainbat direla.

Zapatuan euskaraz egingo dute bisita gidatua, Azpeitiko Ekoetxeak eta Ibarbi Sagarraren Elkarteak gidatuta; igandean, berriz, gaztelaniaz, Iraurgi Berritzenen, Vicente Davilaren eta aipatu elkartearen eskutik. Bi egunetan San Martin parrokiaren ataritik abiatuko dute txangoa, 10:00etan.

Izen ematea

Urola Turismoak antolatutako bisita guztiak bezala, Errezilgo biak ere doakoak izango dira. Hala ere, parte hartu nahi dutenek aurrez baieztatu behar dute beren parte hartzea.

Bi aukera dituzte izena emateko: Loiolako Turismo Bulegoan, aurrez aurre, 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta, 688 75 94 29 telefono zenbakira Whatsappez mezua idatzita edo i-loiola@urolaturismoa.eus helbidera idatzita; eta Azpeitiko Ekoetxean, 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta edo info.azpeitia@ekoetxea.eus helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide