Urteko azken ostirala gogotik ospatuko dute Errezilen. Izan ere, abenduaren 26rako askotariko ekitaldiak prestatu dituzte. Umeentzako puzgarriak, triki-bertso poteoa nahiz kontzertua izango dira egun horretan, eta beraz, herritarrek izango dute urtea bukatzerako zer egin eta zertaz goza.
17:00etatik aurrera umeentzako puzgarriak jarriko dituzte frontoian, Estupendo enpresaren eskutik. Gero, 19:00etan, jan-edanerako aukera izango dute herritarrek, Akerran, Erniopen nahiz Borondegin. Naia Arrizabalaga eta Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe ariko dira bertsotan, Erkizi eta Julen Labaka trikitilariek lagunduta.
Sabela beteta eta zintzurra bustita, musika emanaldia izango da Borondegin. Hain zuzen ere, askotariko doinuak eramango ditu agertokira Andoni Ollokiegi musikariak.