Nondik nora datorkizu segarako zaletasuna? Errezildarra izateak ba al du zerikusirik horretan?
Horren guztiaren oinarrian baserria dago, eta ni errezildarra izanik, baserritarra ere banaiz, noski. Ez dago beste aukerarik Errezilen.
Noiz hasi zinen segan?
Segarekin lehenbiziko esperientziak txikitan izan nituen. Aitarekin mendira joaten ginen anai-arrebok, eta hark segan egiten zuen. Aitak ez zidan segan egiten uzten, oso aldrebesa nintzelako. Anai-arrebak han ibiltzen ziren, baina niri eskuetatik kentzen zidan. Baina, askotan, galarazten dizuten hori izaten da gehien egin nahi izaten duzuna; umea nintzen eta ez nuen gaizki hartzen, baina galarazitako hura hor gelditu izan zait beti. Segan ikasi, ordea, Errezildik kanpo hasi naiz, orain ikasi dut.
Eta hori?
Leaburura etorri nintzen bizitzera, eta seme-alabak ondoko herrian, Gaztelun, hasi ziren segan ikasten Joxe Gabirondo segalari famatuarekin. Txikitako oroitzapen haiek piztu zitzaizkidan, eta begia kendu gabe egoten nintzen haiei begira. Halako batean, Joxe etorri zitzaidan, eta sega eskuetan jarri zidan. Probatu nuen, eta segituan galdetu zidan aurrez segan ibilitakoa al nintzen. Txikitan aitarekin mendira joaten gineneko kontu horiek kontatu nizkion, eta orduan ohartu ginen zergatik egiten nuen segan gaizki: ezkerra naizelako. Orduan, Joxe erakusten hasi zitzaidan: eskuinarekin bota eta ezkerrarekin tira. Sega berdina da, baina aldatzen dena teknika da. Horrela, bete-betean katigatu nintzen segara.
Nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Normalean, taldeka egiten ditugu entrenamenduak. Etxeko hiru ibiltzen gara segan: alaba, semea eta hirurok. Gehienetan, batera aritzen gara, eta Almitza sega elkarteko kideren bat ere batzen zaigu. Gero, baldintza asko hartu behar izaten dira kontuan: belarra non dagoen, nork duen, belarraren egoera, eguraldia... Beraz, nire entrenamendua belarra nork duenaren arabera antolatzen dut, eta joan eta serieak egiten ditut. Zer motatako lana dudan egiteko, horren araberako entrenamenduak egiten ditut; adibidez, txapelketa baterako, segan aritzen naiz, baina, bukaeran, beti serieak egiten ditut, motzak eta bortitzak.
Segan hasi zinenean, ikusten al zenuen zure burua txapelketetan parte hartzen? Hobekuntzarik nabaritu al duzu?
Izugarrizko hobekuntza antzeman dut. Duela sei edo zazpi urte hasi nintzen, eta orduan, Joxek teknika erakusten zidan. Jarduteko esaten zidan; beraz, etxera joan eta segan jarraitzen nuen. Bi hilabetera edo, txapelketa batean emakumeak falta zirela eta, izena emateko eskatu zidan. Zoratuta zegoela pentsatu nuen. Seme-alabekin belardira joan nintzen, 35 metro koadro belar ebakitzeko asmoarekin. Lana amaitzea nuen helburu. Lortu nuenez, txapelketarako izena eman nuen, eta ez nuen azken postuan amaitu. Horrek indarra eman zidan, eta hurrengo urteko txapelketa iritsi zenean, helburu handiagoak jarri nizkion neure buruari. Nahiko ondo joan zen, eta asko hobetu nuela konturatu nintzen. Handik gutxira, Euskal Herriko txapela lortu nuen. Ordutik, lehen eta bigarren postuetan ibili naiz. Hori bai, aritu ere asko egiten naiz; mendira joateko tartea izanez gero, segan egiten dut.
Europako Sega Txapelketan izan zara bitan, Euskal Herria ordezkatzen. Zer moduzko esperientzia izan da?
Beste mundu bat da hura. Euskal Herrikoak kenduta, txapelketa horietan parte hartzen duten guztiak Alpeen inguruko dira, eta segan egiteko beste teknika batzuk dituzte. Asko ikasi dut haiengandik. Txapelketetatik bueltan, etxera iritsi eta haien bideo asko ikusi izan ditut, eta horri esker, uste dut asko perfekzionatu dudala nire teknika. Gauza txikiak dira, baina asko. Esperientzia gisa ikaragarria izan da txapelketa horietan parte hartzea: haien ondoan segan egitea, jendea ezagutzea, mahai bueltan hitz egitea… Gainera, txapelketa horiei esker, erronkak antolatu ditugu. Duela bi urte adibidez, austriarren aurka egin genuen. Horrek guztiak harrotu bezala egiten gaitu, emozionatu. Gainera, Euskal Herria ordezkatzen ari zara, eta hori, batzuetan zama ere baden arren, ikaragarrizko oparia da. Gainera, dudan adina kontuan hartuta, 30 urte inguruko nesken aurka aritu behar izaten dut, eta haien aurretik gelditzea izugarria izaten da niretzat.

Asko ikasi al duzu esperientzia horietatik?
Bai. Gainera, euskal sega ere erakutsi diegu guk. Gaur egun, adibidez, euskal segak ez ditugu erabiltzen, austriarren antzeko segak erabiltzen ditugu. Euskal sega pisutsuagoa da, material gehiago du, zabalagoa delako. Hangoak estuak dira, arinagoak.
Sega, batez ere, gizonen kirola izan da. Zer nolako harrera izan zenuen zuk?
Ni segan hasterako jendeak elkar ezagutzen zuen, helduak zein gazteak. Ni, hasi orduko, antolakuntzan hasi nintzen, eta talde giro bikaina aurkitu nuen. Bazkariak eta afariak egiten ditugu, edozein izan daiteke kafe bat hartzeko laguna, eta denak dira ongietorriak. Pixka bat arraroa izan zen nire adinarekin esparru horretan sartzea; izan ere, helduak daude eta gero erreleboa hartzen duten gazteak datoz; baina oso harrera ona izan dut.
Nola ikusten duzu emakumeen etorkizuna segan?
Oso ondo; are gehiago, esan dezaket, azkenaldian, Europan, emakumeek gizonek baino salto handiagoa eman dutela. Hau da, mutil baino neska gehiago hasi da segan. Orain dela gutxi, adibidez, 60 urtetik gorako bi emakume azaldu dira, inoiz txapelketetan parte hartu gabeak, eta nola egin segan! Bi emakume horiek, ziurrenik, baserritarrak izango dira, bizitzan guztian zehar lanean jardun direnak eta ez dutenak aitorpenik izan. Euskal Herrian ere horixe gertatu izan da; baserrian edozein gizonek adina edo gehiago jardun, baina, gero, baserritarra, gizona izan. Izugarrizko poza eman zidan bi emakume haiek ikusteak.
Errezilen ere izango dira horrelako emakumeak.
Bai, noski, segan oso ondo egiten dutenak badaude, eta lehiaketetan parte hartzera animatuko nituzke, lekua badutelako, eta giro oso ona aurkituko dutelako. Lotsarik gabe, etor daitezela. Dakiten hori egitea besterik ez dute, eta ziurrenik, niri hamar buelta emango dizkidate.
Sega osasuntsu dagoela esan daiteke, beraz?
Bai, sega osasuntsu dago, baina lanean jarraitu behar da, orain arte bezala. Gazteluko sega taldean hamabost gazte inguru daude; horien guraso gehienak kaletik etorri dira baserrira edo landa eremura bizitzera, eta fruituak ikusten hasi gara dagoeneko. Gazte horietako bat Alemanian, Bavarian, izan da lehiatzen, eta hirugarren amaitu du. Segan egiteko tradizioari eutsi beharra daukagu etorkizunean ere.
Eta zeintzuk dira zure asmoak?
Jarraitzea. Esaten diet ingurukoei, bigarren egiten jarraitzen badut, segarekin segitu egingo dudala. Azkena amaituko banu, beste gauza bat izango litzateke. Beraz, osasunak laguntzen didan bitartean, jarraitu egingo dut. Udan segan egiten dut, eta neguan, crossfit. Saiatzen naiz sasoian egoten, gorputza puntuan mantentzen, eta oraingoz, ondo sentitzen naiz, aurrera egiteko gogoz. Lanetik nazkatuta atera ondoren, gozatu egiten dut segan, eta zerbait behar dudala sentitzen dudanean, segan aritzen naiz, eta hori behar nuela sentitzen dut. Asko ematen dit segak.