Jubilatuen Eguna ospatu dute Errezilen

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 16a

Ondarre baserriko Pilar Beristain izan da aurtengo omendua. San Martin jaien azkenaurreko hitzordua izan da gaurkoa: datorren ostiralean bertso afaria egingo dute, Sustrai Colinarekin eta Jexux Mari Irazurekin.

Jaien zati nagusia aurreko asteburuan izan zuten Errezilen, joan den asteartean ospatu zuten San Martin eguna, baina aurtengo sanmartinak ez dituzte oraindik agortu.

Horrela, gaur ospatu dute Jubilatuen Eguna. Bazkari jendetsua egin dute Borondegin, eta bertsoekin eta trikiti doinuekin luzatu dute bazkalostea, Xebastian Lizaso eta Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe bertsolariekin, eta Julen Labaka trikitilariarekin eta Julen Rueda pandero jotzailearekin.

Aurten, 92 urte dituen Ondarre baserriko Pilar Beristain Odriozola izan da Jubilatuen Eguneko omendua; Loidisaletxeren bertso bat idatzita duen plaka jaso du Beristainek oroigarri gisa, Errezilgo Udalaren izenean.

Azaroaren 21ean, bertso afaria

San Martin jaien azkenaurreko hitzordua izan da gaurkoa, datorren ostiralean Erniarraitzek antolatutako bertso afaria egingo baitute Letea jatetxean. Sustrai Colina eta Jexux Mari Irazu ariko dira bertsotan, eta trikiti doinuak ere ez dira faltako afaria girotzeko.

Bertso afarirako txartelak salgai daude oraindik, 28 euroren truke, Letean bertan (943-81 28 87 telefonoa).

(Argazkiak: Utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide