Errezil Bizirik plataformak antolatutako Sua eta ura ingurumen hitzaldien barruan, Inma Mugertza (Elgoibar, Gipuzkoa, 1970) hidrogeologoak ingurumen karstikoen eta haien aberastasunaren inguruan hitz egingo du bihar, 19:30ean, Borondegin. 25 urte baino gehiago unibertsitatetik kanpo eman ditu lanean, baina egun EHUko proiektu batean ari da ikerketan Mugertza. Doktore tesia Albizturko ingurune karstikoaz egin zuen. "Bidaniatik eta Albizturtik ingurune karstiko horretara sartzen diren ur guztiak Tolosako Salubitako iturburutik ateratzen dira. Salubitako iturburua emari aldetik Gipuzkoako handiena da", azaldu du Mugertzak. Lurpea Garbia elkarteko kidea ere bada Mugertza.
Ingurune karstikoez hitz egingo duzu bihar Errezilen. Zer berezitasun dituzte ingurune karstikoek?
Akuifero mota asko daude, kilometro koadro gutxikoak izan daitezke batzuk eta milaka kilometro koadrokoak beste batzuk. Euria egiten duenean, euri urak harria zeharkatzen du, eta iragazkaitza den harri mota batera iristen denean, horizontalki mugitzen hasten da irteera bila; iturrietatik edota iturburu handietatik irteten da. Adibidez, mendietan ikusten ditugun iturriak ere lur azpiko urak dira. Akuifero karstikoen berezitasun nagusia da oso zaurgarriak, sentiberak, direla. Izan ere, uraren zati bat kobazuloetan barrena mugitzen da, eta horietatik sartzen den ura kutsatuta sartzen bada akuiferora, gero oso zaila da ur hori garbi ateratzea iturrietatik, ura ezin baita iragazi. Horrez gainera, ingurune karstikoetan ekosistema oso bereziak bizi dira: saguzarrak, troglobioak, era guztietako mamorro txikiak...
Akuiferoak, ezkutuan daudenez, ez dira ikusten. Haiek duten garrantziaz jabetzen al da jendea?
Ezjakintasun handia dago. Euskal Herrian baserri asko daude ingurune karstikoetan. Esaterako, Hernio eta Izarraitz ingurune karstikoak dira, eta beren magalean dauden baserriak ere ingurune karstikoan daude. Garai batean, garbiguneak-eta ez zeudenean, baserrietako hondakinak normalean edo askotan kobazuloetara botatzen ziren. Zergatik? Erosoa zelako, ez zegoelako gaur egun gai horren inguruan dagoen jakinduriarik. Orain, ordea, badakigu ez dela ideia ona kobazuloetan ezer botatzea, ekintza horrek eraginak dituelako. Gainera, orain dela ehun edota ehun eta piko urte sortzen ziren hondakinek ez zuten zerikusirik gaur egun sortzen diren hondakinekin. Jarduerak berdina izaten jarraitzen du, baina. Leku askotan garbigunera eramaten dituzte hondakinak, baina badaude baserri batzuk garbigunetik oso urruti gelditzen direnak, eta haiei erosoago zaie hondakinak mendi zuloetan botatzea.
Mendi zuloetan pilatutako hondakinak garbitzeko eta jarduera hori saihesteko zerbait egiten al da?
Lurpea Garbia elkartekook saiatzen ari gara hondakin horiek kobazuloetatik ateratzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzei esker eta auzolanean garbiketak antolatuta. Garbiketa horiek auzolanean egitea oso inportantea da, era horretan, bertako jendeak ere ikusi egiten duelako hondakinak kobazuloetan botatzeak zer eragin daukan. Kobazuloetatik hondakinak atera izan dira hainbat garaitan: 1980ko hamarkadan hondakin asko atera ziren Izarraizko kobazuloetatik, Udalaitzen 2023an ere egin zituzten garbiketak hainbat kobazulotan... Etxeetako eta baserrietako iturriko ura askotan lurpekoa izaten da, Euskal Herrian lur azpiko ur asko edaten da, eta jendeak ez daki hori. Adibidez, Gipuzkoako Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku udalerriak Izarraizko Kilimon iturburutik hornitzen dira. Izarraizko kobazuloetan hondakinak egongo balira, arazo bat legoke.
Beraz, mendi zuloak edota kobazuloak zaintzeko kontzientziazio lana egin beharko da, ezta?
Bai, oso garrantzitsua da dibulgazioa eta Lurpea Garbia elkartekook lan horretan ari gara, jendeak ikus dezan beren oinen azpian zer dagoen. Eskoletan umeekin ere egiten ditugu saioak. Jendeak jakiten badu zer gerta daitekeen, bi aldiz pentsatuko du hondakinak zulo batera bota ala ez erabakitzerakoan. Lurpea Garbiakook pauso bat aurrerago joan nahi dugu, berriro gertatzea ez dugulako nahi. Horretarako, jendeari azaldu behar diogu hondakinak mendian botatzeak zer eragin eta arrisku dituen, zergatik den zaurgarria ingurune karstikoa...
Zuk eskainiko duzun hitzaldiaren izenburuak dio ezkutuko altxorrak direla ingurune karstikoak. Altxorrak zergatik?
Jendea jakitun izan behar da zer altxor daukan oinen azpian eta argi dago hori babestu beharra dagoela. Alegia, lan egin behar da kobazuloetara hondakinak ez botatzeko kontzientzia zabaltzeko, hondakinak botata dauden lekuetatik ateratzeko eta behar bezala kudeatzeko. Hainbat kasutan, garbiguneak baserrietatik oso urruti daude, eta kasu horietan garbiguneak hurbiltzeko eta lanak errazteko ahalegina egin beharko lukete udalerriek. Jendeak kontuan izan behar du hemendik urte batzuetara ez dakigula zenbat ur izango dugun erabilgarri; hau da, uste dugu ura betirako daukagula eta agortezina dela, baina ez da horrela. Agian, egunen batean lurpeko ura beharko dugu, eta kontu handia izan behar dugu lur azpiko ur hori babesteko.
