Errezil Bizirk plataformak antolatutako ekintzak aurrera doaz. Joan zen asteazkenean Aitziber Sarobe biologoak sua hizpide hartuta eta Suteak mendian: arrazoiak, arriskuak eta ondorioak izenburupean eskaini zuen solasaldia Borondegin.
Larunbatean, berriz, argazki rallya egin zuten. Antolatzaileek azaldu dutenez, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (EBLPS) Errezilgo bi gune ditu mehatxupean, eta rallyaren bidez, gaur egungo Errezil zer-nolakoa den jaso nahi izan dute, "etorkizunean suntsiketarik egiten badute ere, gaur egungo argazkien erregistroa edukitzeko".
Rally orokorrean parte hartze urria izan zen –zazpi lagunek parte hartu zuten–, baina herrikoian lagun ugari aritu ziren antolatzaileek jarritako gaien bueltako argazkiak ateratzen. Hain zuzen ere, ura, lurra, haizea, sua eta Errezilgo koloreak izan ziren irudietarako gaiak. Orotara, 47 partaide izan ziren rally herrikoian, eta ikusteko dago zer argazki izango diren sarituak. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 9an egingo dute, Errezilgo San Martin jaien barruan.
Ura, hizketagai
Urriaren 30ean, ostegunez, bestalde, urari eskainitako hitzaldia izango da Borondegin. Inma Mugertza hidrogeologoak emango ditu azalpenak, 19:30ean hasita, Ingurune karstikoak. Altxor ezkutuak izenburupean.