Suari eta urari lotutako hitzaldiak eta argazki rallya egingo dituzte urrian zehar Errezilen

Andoni Elduaien 2025ko urr. 8a, 12:07

Hernio mendia. (Tolosa.eus)

Mendiko suteen inguruan hitz egingo du Aitziber Sarobek datorren asteazkenean, eta ingurune karstikoez arituko da Inma Mugertza, urriaren 30an. Hilaren 18an, berriz, argazki rallya egingo dute. Errezil Bizirik plataformak antolatu ditu hitzordu guztiak.

Errezil Bizirik plataformak antolatuta hitzaldiak eta argazki rallya egingo dituzte hil honetan, Errezilen. Ingurumenari lotutako bi hitzaldi izango dira: bata, suari buruzkoa, eta bestea, urari buruzkoa. 

Urriaren 15ean, asteazkenez, Aitziber Sarobe biologoak eskainiko du suari buruzko hitzaldia Borondegin. 19:30ean hasiko da Suteak mendian: arrazoiak, arriskuak eta ondorioak izeneko saioa. Lehen hitzaldiaren ondoren, urriaren 30ean izango da bigarrena, hura urari eskainitakoa. Inma Mugertza hidrogeologoak emango ditu orduan azalpenak, Borondegin (19:30); Ingurune karstikoak. Altxor ezkutuak izeneko hitzaldia aurkeztuko du Mugertzak. 

Argazki rallya

Hitzaldiez gain, argazki rallya ere egingo dute Errezilen. Urriaren 18an, larunbatez, izango da hitzordu hori. Izen-ematea eta lekuko argazkia Borondegin bertan aurkeztu beharko dira 15:00etatik 16:00etara bitartean. Amaierako kontrol argazkia, berriz, 19:00etatik 20:30era aurkeztu beharko da. Argazki rally orokorraz gain, argazki rally herrikoia egingo dutela ere aurreratu dute Errezil Biziriko plataformakoek. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide