Arabe baserria nagusi Errezilgo XII. Sagardo Txapelketa Herrikoian

Ane Olaizola 2025eko urriaren 5a

Atzo jokatu zen hamabigarren sagardo txapelketa frontoian, eta Arabe etxeak eskuratu zituen epaimahaiaren zein publikoaren sariak. Herritar ugari elkartu ziren jan-edanerako. 

Errezilgo Sagardo Txapelketa Herrikoiak hartu zuen herriko pilotalekua atzo hamabigarren urtez, eta beste behin, herritarrek erantzun beroa eman zioten txapelketari, dozenaka haur, gazte eta heldu elkartu baitziren iluntzean frontoian jan-edanaren bidez herriko sagardo onena hautatzeko. Arabe etxeak ekoitzitako sagardoa izan zen nagusi atzokoan, baserri horrek jaso baitzituen epaimahaiaren saria zein publikoarena. 

Sariketa ofizialean, Aranguren baserria geratu zen sailkapeneko bigarren postuan, eta Estrada Zaharra sagardogilearentzat izan zen hirugarren postua. Publikoaren sariari dagokionez, Araberen atzetik iazko irabazle Ibarguren eta Basabek jaso zituzten bigarren eta hirugarren sariak. 

Txapelketa herrikoiaren hamabigarren aldian, herriko honako hamasei sagardogile hauek parte hartu zuten txapelketan: Arabe, Aranguren, Aritzeta Azpikoa, Aritzeta Goikoa, Basabe, Errekodo, Estrada Zaharra, Ezama Enea, Ibarguren, Irure (Aiertza), Irure Txiki, Lasturreta, Mugarrieta, Urdalleta, Zuazketa eta Zumeta. 

Gaztetandik kultur elkarteak 20:00etan zabaldu zituen frontoiko ateak, eta dozenaka herritar bertaratu ziren sagardoa dastatzera, pintxoekin, kafearekin eta postrearekin batera. Beste behin, primeran ospatu zuten jai giroan egin ohi duten txapelketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide