Laukizko idi proben txapelketa irabazi du Belamendik

Andoni Elduaien 2025ko ira. 24a, 14:46

Belamendiko ordezkariak, atzo, garaipena lortu eta gero. (Utzitakoa)

Belamendiren idiak 48 plaza, eta 4,93 metro egin zituzten atzo, eta haiek ezarri zuten txapelketako marka onena. Bigarren, berriz, Kamiñoko Erretegia sailkatu zen, eta hirugarren, Billabaso.

Errezilgo Belamendik Mikel Deunaren LXVIII. Idi Proba Txapelketa Nagusia irabazi zuen atzo, asteartea, Laukizen (Bizkaia). Errezilgo uztarriak egin zuen atzo gauean lanik onena, eta hala, haiek jaso zituzten mantak, txapela eta saria. Belamendiren idiek 48 plaza eta 4,93 metro egin zituzten, eta haiek ezarri zuten txapelketako marka.

Haien ondotik, Errezilgo uztarriarekin batera atzo aritu ziren Muruetako (Bizkaia) Kamiñoko Erretegiaren idiak sailkatu ziren bigarren, 47 plaza, zinta bat eta 4 metro eginda. Hirugarren, berriz, Maruri-Jatabeko (Bizkaia) Billabaso izan zen, 47 plaza eginda.

Hiru jardunalditan banatuta jokatu dute txapelketa. Zapatuan hasi zuten txapelketa, eta orduan Zamudioko (Bizkaia) Juan Luis Hormaetxe, Birleko (Mungia, Bizkaia) Iñaki Lopategi eta Laukizko Elorrieta aritu ziren;  Herenegun, astelehena, jokatu zuten bigarren jardunaldia Billabasok, Zamudioko Zumeltxuk eta Goiherriko (Bizkaia) Urra-Olabarrietak. Atzo, berriz, Lezoko (Gipuzkoa) Olazar Eraikuntzak, Kamiñoko Erretegia eta Errezilgo Belamendi aritu ziren. 

Hona hemen sailkapena: 

  1. Belamendi (Errezil): 48 plaza eta 4,93 metro.
  2. Kamiñoko Erretegia (Murueta, Bizkaia): 47 plaza, zinta bat eta 4 metro.
  3. Billabaso (Maruri-Jatabe, Bizkaia): 47 plaza.
  4. Olazar Eraikuntzak (Lezo, Gipuzkoa):  46 plaza eta 1,53 metro.
  5. Urra-Olabarrieta (Goiherri): 43 plaza.
  6. Elorrieta (Laukiz): 41 plaza eta 2,94 metro.
  7. Iñaki Lopategi (Birle, Mungia, Bizkaia): 41 plaza.
  8. Zumeltxu (Zamudio, Bizkaia): 40 plaza, hiru zinta eta 1,10 metro.
  9. Juan Luis Hormaetxe (Zamudio, Bizkaia): 37 plaza eta 3,13 metro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide