Errezilgo Belamendi etxeko idi pareak Elorrioko (Bizkaia) 49. Idi Probak irabazi ditu. Herenegun, asteartea, jokatu zuten txapelketa horretako azken jardunaldia hango probalekuan, eta hain justu, egun horretan bertan plazaratu zituzten txapelketako aurreneko hiru postuak eskuratu dituzten hiru uztarriak. Errezilgo idiek egin zuten, ordea, iluntzeko lanik onena, eta haiek lortu zuten saria.
Belamendiren idiek 47 plaza, hiru zinta eta 3,17 metro egin zituzten, eta bigarren sailkatu zen Olatzar Eraikuntzakoek 47 plaza. Lehia bizia izan zen Elorrioko probalekuan, baina, azkenean, txapela Errezilgoek lortu zuten. Alegria eta Urrutia aritu ziren itzain lanetan Belamendiren idiekin, eta Soarte ordulariarekin. Hirugarren postua, berriz, Kamiñoko erretegiak lortu zuen, haien idiek 46 plaza egin baitzituzten.
Idi proba txapelketa hiru jardunalditan banatuta jokatu dute. Joan den ostiralean izan zuten lehen proba Julen Sarasuak, Juan Luis Hormaetxek eta Patxi Irarretak; zapatuan izan zen bigarren hitzordua, eta orduan Urra-Olabarrieta, Olalde, Igeldo eta Iñaki Lopategi aritu ziren nor baino nor gehiago; eta herenegun, asteartea, jokatu zuten hirugarren eta azken jardunaldia Belamendik, Kamiñoko erretegiak, Olatzar Eraikuntzakek eta Zumeltzuk.
Nabarmendu behar da, gainera, herenegun Elorrion irabazita, laugarren idi dema irabazi dutela Belamendiren idiek jarraian. Gatikan (Bizkaia), Errezilen eta Azkoitian irabazita joan zen asteartean Elorriora Errezilgo uztarria, eta han ere garaipena lortu zuen.
Hona hemen sailkapena:
- Belamendi: 47 plaza, hiru zinta eta 3,17 metro.
- Olatzar Eraikuntzak: 47 plaza justu.
- Kamiñoko erretegia: 46 plaza justu.
- Julen Sarasua: 44 plaza eta 2,30 metro
- Olalde: 43 plaza eta 3 metro.
- Urra-Olabarrieta: 42 plaza, zinta bat eta 6,05 metro.
- Zumeltzu: 38 plaza justu.
- Patxi Irarreta: 35 plaza eta 1,85 metro-
- Juan Luis Hormaetxe: 32 plaza, hiru zinta eta 5,96 metro.
- Iñaki Lopategi: 30 plaza justu.
- Igeldo: 24 plaza eta 4,30 metro.