Esnatu ala hil liburua aurkeztu dute gaur, astelehena, Iñaki Iurrebasok eta Gari Goikoetxeak. Elkar argitaletxeak argitaratu du liburua, Eztabaida bildumaren barruan. Xabier Mendiguren editoreak eta Goikoetxeak egin dute liburuaren aurkezpena; izan ere, Iurrebasok, Errezilgo bizilagunak, ez du aurkezpenean parte hartzerik izan, osasun arrazoiengatik.
Liburuak izenburu "potentea, astintzailea eta deigarria" duela esanez ekin dio aurkezpenari Mendigurenek. 271 orrialde dituen liburua da Iurrebasorena eta Goikoetxearena; Mendigurenen iritziz lana ez da "sinplea", baina egileek "oso argi" azaldu dute. "Ñabardura eta zati asko ditu liburuak: euskararen gaitasunaz, erabileraz, atxikimenduaz eta hizkuntzak hiztun bakoitzarengan denboran zehar izan duen bilakaeraz ari dira. Hizkuntzetan sozializazioak zer funtzionamendu duen eta aldaketa demografikoa zein den, zein izan den eta zein izatea aurreikusten den ere azaldu dute. Era berean, nagusitasun eremu geografikoak nolakoak izan diren, nolakoak diren eta nolakoak izango diren ere jasotzen du liburuak", esan du editoreak.
Goiekotxeak, abiapuntu bezala, helburura jo du, harentzat "garrantzitsua" izan baita liburua ondu ahal izateko xedea. Helburuaren atzean Iurrebasok duela bi urte aurkeztutako doktore tesia dagoela esan du hark. "Euskalgintzan zeresan handia eman duen doktore tesia izan da Iurrebasorena, eta iruditzen zitzaigun tesi horretatik haratago bazegoela edozein euskaltzalek erraz ulertuko duen lan bat egitea; finean, nahi duguna da liburua tresna bat izan dadin herritarrek euskararen egoerari buruzko diagnostiko bat izan dezaten".
Horrez gain, Iurrebasok bere tesian jasotako datuak "gaurkotzea eta zabaltzea" izan da bikotearen helburua. "Batez ere 2016ko datuetan dago oinarritua tesia. Geroztik, ia hamar urte pasatu dira eta hainbat datu berri jaso ditugu, besteak beste, 2021ean izan ziren bost urtean behin egiten diren inkesta soziolingustikoa, zentsua eta kaleko erabileraren neurketa. Orain hilabete batzuk, berriz, Siadecok euskararen geroari buruzko aurreikuspen soziolingustikoa aurkeztu zuen. Horiek guztiak jaso ditugu liburuan", adierazi du.
Liburua hiru atal nagusitan egituratu dute. Lehen atalean, euskararen oinarrizko aldagaiak aurkeztu dituzte, hala nola hizkuntza gaitasuna, erabilera eta atxikimendua. Bigarren atalean, hiru prozesu aletu dituzte: aurrena, hizkuntza bilakaeraz aritu dira, hiztunek jaiotzen direnetik beraien bizitzetan hizkuntzarekin zer ibilbide egiten duten, zehazki; era berean, transmisioaz idatzi dute, belaunaldi batetik bestera hizkuntza nola transmititzen den; eta azkenik, aldaketa demografikoak aztertu dituzte, aurrez izandakoak eta egun martxan daudenak. Liburuaren hirugarren eta azken atala, berriz, lurraldeari edo geografiari lotuta osatu dute.
Hala dio liburuaren sinopsiak: "Noraez gisako batean dago euskararen indarberritzea. Ez dira garairik distiratsuenak. Premiazkoa da beste bultzada bat, orain artekoaz haragoko pausoak ematea, baina zantzu gutxi dago nondik eta nola ekin, are gehiago aldaketa handiko garai hauetan. Helduleku izan nahi du liburu honek, euskararen bilakaera eta egoera zein den ohartzeko tresna. Begiak zabaltzeko ordua da, izan ere. Euskararen biharko ametsak esnatzea eskatzen baitu gaur".