Urre koloreko sagarra jarrai(bide)

Berria 2025ko abu. 31a, 09:58

Errezil sagarrondo artean. (Jon Urbe-Foku)

Errezildarrek 'Ibarbi' izeneko sagar barietate propioa dute; andui hori lekuz aldatuz gero, ez du fruitu bera ematen. Sagar horren inguruko zenbait eginaldi egin dituzte, horien artean Ibarbi Sagarraren Ibilbidea. Berriak sagarraren bueltan egindako udako serieko erreportajea da honako hau: 

Bada ia seiehun biztanleko herri txiki, berde eta baketsu bat Gipuzkoan. Gaur egun, bertan lasaitasuna arnasten bada ere, herriaren izenak agerian uzten du behinola barealdi hori eten egin zela. Hain zuzen, Kristo aurreko urteetan, erromatarrek lurrak konkistatzeari ekin ziotenean lehertu zen ekaitza. Herrixka berdetsutik Hernio mendiko gurutzea ikusten da — itsas mailatik 1.072 metrora dago—, eta behean, Zelatungo zelaia; garai batean, erromatarren pasabidea izan zena. Pasabidea edota hiltokia, baskoiek «erraz hiltzen» baitzituzten bertan gerlari erromatarrak. Istorio horren omenez izendatu omen zuten Errezil —erraz hil—. Orain, paraje horretan bi baserri daude: Odria goikoa eta Odria behekoa. Antza, odolti hitzetik eratorriak dira haien deiturak, hots, erromatarrek utzitako odol putzuetatik. 

Kondairak ez du zehazten errezildarrak zerk egiten zituen horren indartsu. Baina, seguruenik, haien elikaduran ezinbestekoa zen sagarrak izango zuen zerikusirik. Izan ere, errezildarrena ez da bestelako sagar bat; haiena Ibarbi sagarra da. Gogorra, bizia eta gazi-gozoa. Ibarbi Errezilgo bailara baten izena da, eta badirudi bertan sortu zela sagar mota hori. 

Fruta hori oso berezia izanagatik, Errezilgo baserritar asko sagarrondoak kentzen hasi ziren. Sagarrak etekin ekonomiko onak ekarri arren, jendeak ganaduarentzat gordetzen zituen lurrak, hau da, esne eta haragi produkziorako. Sagastiak galtzear egon ziren; horietako asko gaitzak jota. 

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide