Ehunmilak ultratraileko parte hartzaileak 13:00etik aurrera igaroko dira bihar Zelatundik

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 11a, 12:17

Zelatun, atzean Ernio duela. (Zelatungo Antonioren Borda)

Ibilbidea laburtu eta irteera eguna gaurtik biharrera atzeratu dute Ehunmilak ultratrailaren antolatzaileek. Eskualdetik sartu-irtena egingo dute kirolariek, Zelatundik igaroko baitira haiek; bihar, 13:00 inguruan espero dituzte han lasterkari azkarrenak. 

Eguraldi iragarpen kaskarrak aldaketak eragin ditu Ehunmilak ultratrail proban. Hasiera batean gaur ziren abiatzekoak Beasaingo (Gipuzkoa) plazatik, baina, azkenean, antolatzaileek bihar goizera atzeratu zuten atzo irteera eguna. Hori horrela, bihar 11:00etan aterako dira partaideak Beasaindik.

Irteera egunaz gain, ordea, ibilbidea ere moldatu egin behar izan du antolakuntzak; gauzak ondo Azkoititik eta Azpeititik ere igarotzekoak ziren korrikalariak, zehazki, Gorlatik, Madariagatik, Xoxotetik zein Azpeitiko herrigunetik. Ibilbidea moztuta, ordea, Zelatunetik igaroko dira soilik parte hartzaileak. Hain justu, bihar 13:00 inguruan espero dituzte lasterketa buruko korrikalariak han, eta 17:00 inguruan tropelaren azkenekoak. 

171 kilometroko ibilbidea osatu behar izaten da Ehunmilak proban, baina eguraldi iragarpenaren eraginez, ia 50 kilometro murriztu dute bidea. Guztira, 125 kilometro egin beharko dituzte bihar parte hartzaileek. Beasaingo plazatik abiatuta, Santa Agedara zuzenduko dira aurrena korrikalariak, eta handik iritsiko dira Zelatunera, lasterketaren 20. kilometroan. Zelatundik, berriz, Tolosara (Gipuzkoa) zuzendu beharko dute lasterkariek, bideari jarraituz.

G2H probaren ezaugarriak mantendu egin dituzte antolatzaileek. Proba hori ere bihar 19:00etan hasiko da, eta lasterkariek 88 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Aurreikusitako moduan, etzi 08:00etan ekingo diote Marimurumendi mendi maratoiari, 42 kilometroko probari. Hiru lasterketetan eskualdeko lagun batek baino gehiagok parte hartuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide