Gorroto Bala, Indabe eta Kuartz taldeak, Zelatungo IV. Errockmeria jaialdian

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 8a, 08:00

Iazko jaialdiko irudi bat. (Argazkia: Unai Sorarrain)

Igande eguerdian hasita emango dituzte kontzertuak hiru musika talde horiek. Beertoki elkarteak antolatu du jaialdia, eta igandekoa izango da laugarren aldia. 

IV. Errokcmeria jaialdia egingo dute datorren igandean, uztailak 13, Zelatunen. 12:00etan hasita, Gorroto Bala Indabe eta Kuartz musika taldeek eskainiko dituzte kontzertuak mendi horretan egokituko duten oholtzan. Beertoki elkarteak antolatu du jaialdia aurten ere, artisau garagardoak eta musikak elkartzen dituen gazte taldeak, hain zuzen.

Oiartzungo (Gipuzkoa) Gorroto Bala musika taldeak irekiko du jaialdia. Punk-oi estiloko musika taldea da hura, talde berria; izan ere, iazko abenduan grabatu zituzten beren Gorroto Bala izeneko lehen diskorako kantuak Bonberenea estudioan, Eguzki Azkarateren gidaritzapean. Taldearen estiloa zuzena eta oldarkorra da, eta bi ezaugarri horiek agerian utziko dituzte Zelatunen ere.

Donostiako Antigua auzoan sortu zuten, bestalde, Indabe taldea. Lauko formatuan ekin zion taldeak bideari, lehenik gustuko musika taldeen bertsioak eginez, eta gerora, kantu propioak landuz. 2023. urtean, Noiz Arte? disko txikia kaleratu zuten, eta ondoren, Ohitura abestia, plataforma digitaletan. Hain justu, une horretan bertan hasi zuten aldaketa taldean; izan ere, taldea laukotea izatetik hirukoa izatera igaro zen. Hirukoteak Ez banaiz disko berria kaleratu zuen segidan, Zestoako Gaztain estudioetan grabatuta. Musikalki rock giroko taldea da Indabe, baina ahotsetan pop melodiak ere lantzen dituzte, kantu goxoak, eta, era berean, indartsuak jorratuz.

Nafarroa Behereko Kuartz taldea izango da igandean azkeneko protagonista. Ibes Mongaburu (gitarra eta ahotsa) eta Oihan Delavigne (bateria) musikariek osatzen dute musika taldea. 2016. urtetik dago martxan banda, eta dagoeneko bi disko kaleratu dituzte: debuteko diskoa 2018 urtean aurkeztu zuten, eta urtebete geroago iritsi zen iraupen luzeko bigarrena. Lehen diskoa kolore ilunekoa da, baina, bigarrenean, zuria da nagusi. Musikalki rock eta blues giroak jorratzen ditu Kuartzek, bateria eta gitarra erabilita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide