Ainhoa Bereziartua: "Zientifikoki informatuta dagoen gizartea justuagoa da"

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 2a, 09:30

Ainhoa Bereziartua, Inspira Gazteak saria jaso zuen unean. (Kutxa Fundazioa)

Gizakien, animalien eta ekosistemaren osasunaren arteko loturak lantzen ditu Ainhoa Bereziartuak (Errezil, 1997), eta Kutxa Fundazioaren Inspira Gazteak sarietako bat jaso du.

Hiri osasunari buruzko informazioa eguneroko espazioetara zabaltzea du xede Ainhoa Bereziartuak, eta itu horren bila egin duen ibilbideagatik, Inspira Saria jaso zuen pasa den ostegunean Tolosako (Gipuzkoa) Topic zentroan egindako ekitaldian. 20 eta 30 urte arteko gipuzkoarrei zuzendutako sariketa honetara 120 proposamen aurkeztu zituzten, eta berea izan zen bost irabazleetako bat. 15.000 euro eskuratu ditu proiektua garatzen segitzeko. Bereziartuak Biomedikuntza ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta bi ikerketa taldetan aritzen da egun: Biogipuzkoako Osasun Publikoa eta Ingurumen Epidemiologia taldean eta EHUko Environmental Health Research Group-en.

Nolatan animatu zinen Inspira Gazteak egitasmoan zure proiektua aurkeztera?

Doktorego tesia egiten nabil eta ikerketan nabil buru-belarri, baina betidanik izan dut gogoa, ikerketa edo zientzia egitetik harago, zientzia hori gizartera gerturatzeko. Ez soilik ebidentzia zientifikoa, zientziaren prozesua eta metodologia ere bai. Maddi Astigarraga ilustratzailea lankide eta laguna dut; bera dibulgazio zientifikoan espezializatu zen, eta lanetik kanpo elkartzen ginenean, interesgarriak zitzaizkigun balizko proiektuen inguruan hitz egiten genuen. Ideia eta amets horiek, baina, airean geratzen ziren beti. Izan ere, bakoitzak bere lana eta egunerokotasuna ditu, eta ez genituen baliabideak edo kontaktuak. Baina Inspiraren aukera ikusi genuen, eta ideia horietako bat hartu eta esan genuen: "Ea hau errealitate bihur dezakegun".

Zerk piztu zizun hiri osasunari buruzko jakin-mina?

Nire kasuan, bizitzako esperientzia askok izan dute eragina horretan. Gaztetatik zortea izan dut, familiarekin hainbat bidaia egin baitut; ibili gara Himalayan, Perun, Venezuelan… Herrialde horietan ezagututako kulturak, ekosistemak, ingurune desberdinak, osasun egoerak… piztu zuen nigan gai honekiko interesa. Bartzelonan gradua bukatu nuenean, banekien zerk interesatzen ninduen, baina ez nuen garbi nola segitu bide horretatik. Beraz, urte sabatikoa hartu nuen, nire bidea zein zen bilatzeko helburuarekin. Australiara joan nintzen eta ahuakatea ekoizten zuen baserri batean lan egin nuen. Han indartu zen nire interesa, lehen pertsonan sentitu bainuen nola inguruneak, ekosistema osoak, eragiten duen osasunean. Hor deskubritu nuen One Health edo "osasun bakarra" kontzeptua. Han nengoela jakin nuen Herbehereetan master bat eskaintzen zutela horren inguruan. Australiatik, beraz, Herbehereetara egin nuen salto.

Zer da One Health ikuspegia?

One Health ikuspegiak ulertzen du gizakion, animalien eta ingurumenaren osasuna lotuta dagoela. Gizakion ikuspegitik gure osasuna hobetzea nahi badugu, ezinbestekoa da ingurumenaren eta animalien osasuna ere bermatzea.

Denak kate baten moduan funtzionatzen du, beraz?

Kate bat bainoago, sistema konplexu bat da, ez baitago hasierarik eta bukaerarik. Sare konplexu bat da, eta oreka izateko dena elkarreragin etengabe batean dago.

"Gure asmoa da gizartean ikaskuntza- eta kontzientziazio-gune bat eraikitzea, politika jasangarriagoak eta arduratsuagoak bultzatuko dituen pentsamolde-aldaketa sustatzeko"

Osasun publikoko neurriak hartzen direnean, aplikatzen da One Health ikuspegia?

Esango nuke gero eta lan gehiago egiten ari direla arlo honetan, eta gehiago egingo dutela, garbi ikusi delako gero eta jende gehiago bizi garela hirietan, eta horietan hainbat arrisku faktore daudela, osasunean ondorioak dituztenak. Ondorio horiek saihesteko prebentzioa ezinbestekoa da. Gainera, hiriko esposizio guztiek ez digute denoi berdin eragiten, izan ezaugarri demografikoengatik, testuinguru ekonomiko eta sozialarengatik, ala bizi-ohiturengatik. Beraz, talde zaurgarriak kontuan izan behar dira neurriak hartzeko.

Hiri osasunari buruzko erakusketa proiektu ibiltari bat garatzen ari zara Maddi Astigarragarekin. Zer helbururekin?

Proiektua garatzen ari gara, espero dugu udaren ostean martxan jartzeko moduan izango garela. Horrekin, gure helburu zehatza hiri osasunari eta horrek komunitatearen ongizatean duen eraginari buruzko ezagutza handitzea da, zientziaren eta gizartearen arteko zubiak sortzea formatu berritzaile eta eskuragarrien bidez: errealitate areagotua erabiliko dugu, eta artea, teknologia eta zientzia uztartu. Hain zuzen, euskarri zientifiko sendo batetik abiatuta, herritarren jakin-mina piztu eta horiek hiri-ingurunearen eta osasunaren arteko harremanari buruz informatzea lortu nahi dugu. Hiriko ingurunearen parte dira, adibidez, airearen kutsadura, zarata, berdeguneak, hiriaren antolaketa, trafikoa…

Zientziak laborategietatik eta unibertsitateetatik haratago joan behar duela uste dugu, gizarte osoarentzat baliagarria izan behar dela. Zientifikoki informatuta dagoen gizartea justuagoa, kultuagoa eta jasangarriagoa delako, bereziki informazio hori euskaraz aurkezten denean, ikuspegi inklusibo batekin eta publiko gaztearentzat erakargarriak diren teknologiak erabiliz. Gure asmoa da gizartean ikaskuntza- eta kontzientziazio-gune bat eraikitzea, politika jasangarriagoak eta arduratsuagoak bultzatuko dituen pentsamolde-aldaketa sustatzeko.

Inspira Gazteak saria irabazteak zertan eragingo dio zure lanari?

Lehenik eta behin, esango nuke orain arte egindako lanari aitortza bat dela. Eta aitortza horrek, aldi berean, indarra eta bultzada ematen ditu lan horretan jarraitzeko. Iruditzen zait zientzia gizarteratzen jarraitzeko baliabideak emango dizkidala, dibulgazio jarduera berritzaile hauek garatzeko eta, batez ere, ikertzen ditugun ideia horiek guztiak errealitatera ekartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide