Inspira Gazteak sarietako bat jaso du Ainhoa Bereziartua errezildarrak. Sariketaren bigarren edizioko irabazleen berri atzo eman zuen Kutxa Fundazioak, Tolosako Topic zentroan egindako sari banaketa ekitaldian, eta saria jaso zuten bost lagunetako bat da zientzialaria. Bereziartuak 15.000 euroko diru saria jaso du, ibilbidea garatzen jarraitzeko.
Bereziartuaren proiektuak zientzia dibulgazioaren eremu tradizionala gainditu eta zientzia eguneroko espazioetara gerturatzea du xede. Errezildarrak Biomedikuntza ikasi zuen Bartzelonan, eta han toxikologiarekiko eta epidemiologiarekiko sortu zitzaion jakin-mina Zestoako Sastarrain baserri eskolan eta Australiako aguakate landaketa batean asetu zituen. Gainera, One Health ikuspegian –gizakien, animalien eta ekosistemaren osasunaren arteko loturak lantzen dituen zientzia– espezializatu zen, Utrechteko Unibertsitatean nazioarteko master bat eginda.
Ikuspegi horrekin, hiri osasunari buruzko informazioa eguneroko espazioetara zabaltzea da Bereziartuaren helburua, eta horretarako, erakusketa proiektu ibiltari bat garatzen ari da. Erakusketaren bitartez, airearen kutsadurak, zaratak, berdeguneak ala hirietako bestelako ezaugarriek pertsonen osasunean nola eragiten duten ezagutaraztea du xede.
20 eta 30 urte arteko gazteen talentua babestea, ikusaraztea eta horri balioa ematea dira sarien helburua, eta orotara, aurten 120 proiektu izan dira sarietarako hautagai. Hamabost proiektu finalista hautatu zituen aurrena epaimahaiak, eta horien artean baziren eskualdeko kideek egindako bi: Xanti Agirrezabalak eta Nekane Azpiazuk.