Herri kirol erakustaldiarekin bukatu dituzte aurtengo sanantonioak Errezilen

Aitziber Arzallus 2025ko eka. 16a, 08:50

Ostiral goizean hasita, hiru egun bete-bete izan dituzte Errezilen, baina aurtengoz kito, igande arratsaldeko herri kirol erakustaldiarekin amaitu dituzte San Antonio festak.

Ostiral goizean hasi eta atzo iluntzera arte atseden hartzeko beta handirik gabe ibili dira errezildarrak, egitarau bete-beteko sanantonioak izan baitituzte. Atzokoa ere halakoxe eguna izan zuten.

Eguerdi partean, 12:00etan hasita, herriko umeek pilota partidak jokatu zituzten; 14:00etan zahagi ardoa dastatzeko aukera izan zuten helduek; eta bazkalostean, 15:30etik aurrera, hondarrezko eskulturak egiten ikasteko aukera izan zuten haurrek eta gaztetxoek.

Artean, ordea, festetako azken ekitaldia gelditzen zitzaien: herri kirol erakustaldia. Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariek eta Jon Unanue Goenatxo III.a, Aimar Irigoien, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola harri jasotzaileek parte hartu zuten, eta 18:30ean hasita, ordubete pasatxoko saioa egin zuten. Azken lanean, kirolariak bi taldetan banatuta elkarren kontra jarri zituzten, eta lehia estua izanik, giro polita sortu zen Beheko Plazan. Erakustaldiarekin batera bukatutzat eman zituzten aurtengo sanantonioak ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide