Sanantonioen azken egunaz gozatuko dute gaur Errezilen

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 15a, 09:37

Atzo, besteak beste, bertso bazkaria izan zuten Letean, Xebastian Lizasorekin eta Nerea Ibarzabalekin. Gaur, berriz, eguerditik aurrera ekingo diote festen azken txanpari; herri kirol erakustaldiarekin itxiki dituzte jaiak.

San Antonio bigarrena ere ondo zukututa, gaur izango dute aurtengo udako jaien azken eguna Errezilen.

Atzo, bertso bazkariaz gozatu zuten hainbat herritarrek Letean, Xebastian Lizasorekin eta Nerea Ibarzabalekin, eta Erkizi eta Julen Labaka trikitilarien musikarekin girotuta. Arratsaldean ume jolasak eginda, sagardo eta pintxo dastaketa izan zituzten frontoian iluntzean, Iratzar taldekoen erromeriarekin festetako bigarren gau luzeari ekiteko indarrak hartzeko.

Gau luzearen ondoren atseden hartuta, eguerdian hasiko dira ekitaldiak gaur Errezilen. Sanantonioen azken egunean ere ez dira faltako umeei zuzendutako ekintzak, ezta herri kirolak ere; azken urteetan nola, aurten ere horiekin itxiko dituzte festak.

Hona hemen, jaien azken eguneko egitaraua:

  • 12:00. Haurren pilota partidak, frontoian.
  • 14:00. Zahagi ardoa.
  • 15:30. Haurrentzako hondar eskulturen tailerra.
  • 18:30. Herri kirol erakustaldia: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira aizkoran, eta Jon Unanue Goenatxo III.a, Aimar Irigoien, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola harri jasotzen.

(Argazkiak: Utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide