Errezilgo San Antonio jaiak ate joka dira eta antolatzaileek jadanik aurkeztu dute ekainaren 12tik 15era prestatu duten egitaraua.
Ekainaren 12an, ostegunarekin, hasiko dira herritarrak motorrak berotzen, Borondegin, Akerran eta Erniopen egingo duten pintxo-potearekin.
San Antonio eguna hasteko bi era izango dituzte errezildarrek aukeran: nahi duenak meza entzun ahal izango du San Antonio elizan 11:00etan, eta ordu berdinean, kalejiran abiatuko dira gainontzeko herritarrak beheko plazatik elizara, erraldoiek eta Lidia eta Itzer trikitilariek lagunduta. Denak San Antonion daudenean, eta trikiti doinuak eten gabe, txupinazoa botatzeaz arduratuko dira erraldoiak.
Arratsaldean, halaber, haur eta gaztetxoak izango dira protagonista: ikasturte amaierako trikiti jaialdia egingo dute 18:30ean hasita, eta dantza emanaldia eskainiko dute gaztetxoek 20:00etan. 21:00etan herri afaria egingo dute Erniope elkartean, eta egun handia amaitzeko, erromeria oholtzaratuko da, Izal taldearen eskutik. Batzuek, ordea, ez dute eguna erromeriarekin amaituko, eta horiek guztiak gaupaseroen argazkia egingo dute larunbatean, goizeko zazpietan.
Ekainaren 14an, larunbatarekin, bertso bazkaria egingo dute Letea jatetxean. Nerea Ibarzabal eta Sebastian Lizaso arituko dira kantuan, eta Erkizi eta Julen Labakaren trikiti doinuek jarriko dute musika.
17:00etarako, berriz, ume jolasak antolatu dituzte, eta dagoeneko ume ez direnek pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute 20:30etik aurrera. Zapatuko gaualdia, bestalde, Iratzar taldeak eskainiko du.
Igandean, kirolak
Kirolari eskainitako eguna izango da San Antonio jaietako azkena. Haurren pilota partiduak hasiko dute jardunaldia 12:00etan, eta herri kirolen txanda izango da 18:30etik aurrera. Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a arituko dira aizkoran, eta Jon Unanue Goenatxo III, Aimar Irigoien, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola harri jasotzen.