Alazne Apalantzak XIII. Lea-Artibai Rallya irabazi du Aitor Saizar pilotuarekin

Andoni Elduaien 2025ko mai. 6a, 10:32

Podiuma osatu zuten kideak eta haien laguntzaileak. (Ander Zelaia/Lea-Artibaiko eta Mutrikuko Hitza)

XIII. Lea-Artibai Rallyan 74 autok parte hartu dute, eta horietan onena izan da Alazne Apalantza errezildarrak Aitor Saizar berriatuarrarekin batera gidatutako Peugeot 207 S2000a. Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti sailkatu dira bigarren, eta Garikoitz Lopez eta Haizea Txoperena, hirugarren.

Aitor Saizar berriatuarrak eta Alazne Apalantza errezildarrak Kastinparro Racing eskuderiak antolatutako XIII. Lea-Artibai Rallya irabazi dute. Joan den ostiralean jokatu zuten rallyaren lehen jardunaldia, eta zapatuan, bigarrena. Saizarrek eta Apalantzak gidatutako Peugeot 207 S2000 autoa izan zen 74 ibilgailuetan onena. Nolanahi ere, helmugara heltzea 35ek soilik lortu zuten.

Rallya osatzen zuten hamabi tarteetako zazpi irabazi zituzten Saizarrek eta Apalantzak, eta gainontzekoetan marka ezin hobeak egin zituzten Peugeot 207 S2000 autoaren gainean. Ostiralean lehia estua izan zuten haiek. Aurrena zihoazen Aitzol Apalantzaren eta Alain Agirreren aurretik jarri nahian aritu zen bikotea, eta, lortu ere lortu zuten; izan ere, Apalantzak eta Agirrek lasterketa utzi zuten autoarekin izandako kolpe baten ondorioz.

Zapatu goizean estutu egin zuten liderrek, eta arratsaldean lortutako errentari eusten jakin zuten; bizkor baina arrisku handirik hartu gabe ibili zen errepide gainean Saizarren eta Apalantzaren autoa. Hala, lasterketa 01.07.35 denboran amaitu zuten. Bigarren postuan amaitu zuten proba Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti markina-xemeindarrek (01.08.32), eta hirugarrenean, Garikoitz Lopez etxebarritarrak eta Haizea Txoperena lesakarrak (01.09.57).

Lea-Artibaiko eta Mutrikuko Hitzak argitaratutako albiste honetan ikus daitezke probako argazki guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide