Errezilgo Belamendi etxeko idi pareak Gatikako (Bizkaia) 83. San Marko Idi Dema Saria irabazi du. Txapelketan parte hartu duten hamar uztarrietan onena izan da Belamendirena. Apirilaren 25ean, 27an eta atzo, astelehena, jokatu zituzten probak, eta hain justu, Errezilgo uztarriak atzo egindako lanarena izan zen demako lanik onena. Belamendik 44 plaza, zinta bat eta 3,52 metroko lana egin zuen Urrutia eta Alegria itzainekin, bigarren sailkatu zen Maruri-Jatabeko (Bizkaia) Billabasok baino lan hobea –44 plaza eta 2,61 metro–, hain zuzen. Aldiz, Erandioko Goiherri auzoko (Bizkaia) Urra Olabarrieta sailkatu zen hirugarren, 42 plaza eginda.
Joan den ostiralean jokatu zuten idi dema sariketako lehen jardunaldia, eta orduan Ezkioko (Gipuzkoa) Construcciones Etxaidek, Bermeoko (Bizkaia) Rafa Alegriak eta Zamudioko (Bizkaia) Zumeltzuk parte hartu zuten. Igandean, berriz, Billabaso, Zamudioko Juan Luis Hormaetxe, Urra Olabarrieta eta Ezkioko Igeldo plazaratu ziren. Atzo, azkenik, Belamendi, Mungiako Birle auzoko (Bizkaia) Iñaki Lopategi eta Lezoko (Gipuzkoa) Olazar Eraikuntzak etxeetako idien txanda izan zen.
Hiru egunetako lanik onena errezildarrena izan zen, eta beraz, haiek lortu zituzten txapela eta mantak. Hona hemen sailkapena:
- Belamendi: 44 plaza, zinta bat eta 3,52 metro.
- Billabaso: 44 plaza eta 2,61 metro.
- Urra Olabarrieta: 42 plaza.
- Olazar Eraikuntzak: 39 plaza eta 1,60 metro.
- Iñaki Lopategi: 38 plaza, hiru zinta eta 3,35 metro.
- Zumeltzu: 37 plaza eta erdi eta 1,34 metro.
- Construcciones Etxaide: 36 plaza eta 1,93 metro.
- Rafa Alegria: 35 plaza eta erdi eta 5,68 metro.
- Juan Luis Hormaetxe: 32 plaza, zinta bat eta 5,83 metro.
- Igeldo: 32 plaza eta 5,05 metro