Festetako kamisetaren diseinu lehiaketa jarri du martxan Errezilgo Festa Batzordeak

Nerea Uranga 2025ko mar. 14a, 15:43

Iazko sanantonioetako kirol erronkan hainbat gazte herriko festetako kamisetarekin. (Nerea Uranga)

Diseinuak apirilaren 16ra bitartean aurkeztu beharko zaizkio Errezilgo Festa Batzordeari. Ondoren, herritarren guztien artean aukeratzeko, jasotako diseinu guztiak erakusgai jarriko dituzte Borondegin apirilaren 21etik 25era.

Ekainaren 13tik aurrera ospatuko dituzte sanantonioak Errezilen, eta festetako kontuak aurreratzen hasi da Errezilgo Festa Batzordea. Sanantonioetarako herriko festetako kamiseta berritzeko asmoa du batzordeak, eta horretarako kamiseta diseinu lehiaketa herrikoia jarri du martxan. "Kamiseta berritzeko zer hobeto herritarren sormena baino", adierazi dute batzordeko kideek.

Lehiaketan parte hartzen dutenek kamisetaren kolorea, marrazkia eta leloa apirilaren 16ra bitartean aurkeztu beharko dizkiote Festa Batzordeari errezilgofestabatzordea@gmail.com helbide elektronikora bidalita edota Instagram bidez @errezilgofestak kontura zuzenduta.

Behin diseinuak jasotakoan, herritar guztien artean diseinu irabazlea aukeratzeko, haiek erakusgai jarriko dituzte apirilaren 21etik 25era bitartean Borondegin. Herritar bakoitzak boto bakarra emateko aukera izango duela aurreratu du Festa Batzordeak. Boto gehien jasotako kamisetaren diseinua apirilaren 25ean, pintxo pote garaian, jakinaraziko dute lehiaketaren antolatzaileek. Irabazleak kamiseta bat eta herri afarirako txartela irabaziko ditu.

Kamiseta diseinu lehiaketaren baldintzak:

  • Diseinua kolore bakarrean egin beharko da.
  • Marrazkia eta leloa kamisetaren alde bakarrean jarri ahal izango dira, atzean ala aurrean.
  • Kolorea hautatzeko orduan, gaur egungo berdea ez izatea hobetsiko da.
  • Apirilaren 16a baino lehen aurkeztu beharko da.
  • Kamiseta herrikoia izango dela kontuan hartu beharko da.
  • Kamisetaren diseinu osoa A4 orrialde batera aurkeztu beharko da.
  • Diseinuarekin batera, izen-abizenak, jaioturtea, helbidea eta kontakturako telefono zenbakia bidali behar dira errezilgofestabatzordea@gmail.com helbidera edota Instagrameko @errezilgofestak kontura.
  • Apirilaren 21etik 25era erakusgai jarriko dira diseinu denak Borondegin. Herritar bakoitzak behin bozkatzeko aukera izango du.
  • Apirilaren 25eko pintxo-potean emango da irabazlearen berri.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide