Joxepa Amenabar omendu dute Jubilatuen Egunean Errezilen

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 17a, 18:57

Joxepa Amenabar, oroigarriarekin, senitartekoez inguratuta. (Utzitakoa)

Mezarekin eta bazkariarekin ospatu dute herriko adinekoek San Martin jaietako azkenaurreko hitzordua.

San Martin jaien ekitaldi gehienak aurreko asteburuan izan zituzten Errezilen, baina jaiak ez dituzte amaitu oraindik.

Gaur, Jubilatuen Eguna ospatu dute. Eguerdian meza entzun ondoren, Borondegin egin dute bazkaria. Jubilatuen Egunean urtero omentzen dute herritarren bat, eta aurtengoan Joxepa Amenabar Mujikari egokitu zaio udalaren eta kideen aitortza jasotzea; Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe-ren bertso bat idatzita duen oroigarria eman dio omenduari Koldo Arzallus alkateak.

Amenabar, Koldo Arzallus alkatearekin. (Utzitakoa)

Ostiralean, bertso afaria

Beste hitzordu bat gelditzen da aurtengo San Martin jaiak osatzeko. Datorren ostiralean, azaroak 22, 21:00etan hasita, bertso afaria egingo dute Letea jatetxean, eta harekin agurtuko dituzte festak.

Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan Letean; eta festa giroa aregotzeko, trikiti eta pandero doinuak ere izango dituzte afalostean, Erkizirekin eta Manex Unanuerekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide