Iraila jai giroan agurtuko dute igandean Zelatunen. Aurreko lau igandeetako erromeria giroa atzean utzita, Hernio mendiaren magalean elkartuko dira bailarako nahiz beste hainbat herritako ehunka lagun; Zelatunen egin ohi den iraileko azken igandeko mendi erromeriara igoko dira denak ere.
San Joan Txiki egunean, abuztuaren 29an, hasi zituzten erromeriak han, eta harrezkero, irailean igandero entzun ahal izan dira trikiti eta pandero doinuak. Besteak beste, Jone Uria eta Julene Otegi, Laja eta Lutxurdio, Antsorregi eta Larrañaga eta Ostolaza eta Larrañaga trikitilariak izan dira protagonista aurreko igandeetan. Etzi, berriz, Izer eta Alabier arduratuko dira musikaz. Azken horien erritmora, bi borden artean dantzatu ahalko dute hara joandakoek.
Eguerdian, protesta
Dena ez da festa izango, ordea, Zelatunen. Aurten ere, iaz bezala, mendietan egin asmo dituzten zentral eolikoen kontrako elkarretaratzea deitu du Sañu Bizirik taldeak. Eskualdeko nahiz Gipuzkoa osoko mendizaleek lurraren defentsan egingo dute bat han. Mendietan zentral eolikorik ez! lelopean, ingurunea babesteko deia zabalduko dute lau haizeetara. 13:00etarako jarri dute bilkurarako hitzordua.