'Bizkarsoro' filmaren inguruan solastuz hasi dute Euskararen Hilabetea Errezilen

Nerea Uranga 2024ko martxoaren 11

'Bizkarsoro' filmari buruzko solasaldia atzo, igandea, Errezilgo Borondegin. (Errezilgo Udala)

Atzo, igandea, Bizkarsoro filma ikusteko aukera izan zen Borondegin, eta ondoren, Izaskun Urkijo filmeko arte zuzendariak hitzaldia eman zuen. Errezilen Euskararen Hilabetearen barruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte martxoaren 23ra bitartean.

Errezilgo Udalaren, UEMAren, Erniarraitz bertsozale elkartearen eta hainbat herritarren ekarpenak bilduta, Euskararen Hilabetea antolatu dute Errezilen. Atzo, igandea, hasi zituzten ekitaldiak Bizkarsoro filmaren emanaldiarekin. Behin filma ikusitakoan, ikus-entzunezkoaren arte zuzendaria den Izaskun Urkijorekin solasaldia izan zuten Borondegin bildutakoek.

Errezilen Euskararen Hilabetearen barruan martxoaren 23ra artean antolatu dituzte ekitaldiak. Hona hemen datozen ekitaldien hitzorduak:

 

  • Martxoak 15, ostirala. Gelatik Plazara gaztetxoen bertso sariketako saioa. 18:15ean, Borondegiko aretoan.
  • Martxoak 18, astelehena. Euskararen egoera gaur, zer diote datuek? hitzaldia. Iñaki Iurrebasok hitz egingo du. 18:30ean, Borondegiko aretoan.
  • Martxoak 21, osteguna. Hitzak eta Errezilgo tokiko izenak aztertzen, Juan Martin Elexpururekin. 19:30ean, Akertxokon.
  • Martxoak 23, larunbata. Errezildarrak elkarrekin Tolosara joango dira Korrikan parte hartzera. Horretarako, 12:30ean elkartuko dira, Goiko Plazan.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide