Askotariko 22 postuk osatuko dute igandeko Errezil Sagarraren Azoka

Ane Olaizola 2023ko abenduaren 1a

Azken urteetan bezala, herriaren izena daraman fruta, harekin egindako zein bestelako jakiak eta artisau produktuak izango dira Errezilgo Ibarbi Sagarra elkarteak antolatutako azokan.

Abenduko aurreneko igandean, Ibarbi sagarra izaten da protagonista Errezilen, hura jendaurrean erakusteko azoka egiten baitute. Aurten ere ez du hutsik egingo ohiturak, eta herriko produktu izarrari balioa emateko Errezil Sagarraren Azoka prestatu du azken urteetako antolatzaile den Errezilgo Ibarbi Sagarra elkarteak.

Errezilgo pilotalekuan jarriko dute igandeko azoka, 10:00etatik 14:00etara bitartean, eta guztira, 22 posturen produktuak ikusteko zein erosteko aukera izango dute hara joaten direnek. Azokaren berezko oinarria Errezil sagarrak izaten jarraitzen du, eta herriaren izena daraman frutak zein sagarrarekin egindako askotariko jakiek tarte berezia izango dute azokan. Dena den, azken urteetan bezala, bestelako jaki batzuen postuekin uztartuko dute azoka, eta bertaratzen direnek gazta, ogia, barazkiak edota eztia erosteko aukera ere izango dute. Horrez gain, artisauen eta sortzaileen beste sei postu jarriko dituzte pilotalekuan.

Errezilgo Ibarbi Sagarra elkartearen arabera, honako helburu hauek ditu abenduko aurreneko igandean egiten duten azokak: "Produktuak saltzea da lehen helburua, baina horrez gain, jendeak Errezil sagarrarekin lotzea nahiko genuke, baita produktu horri indarra ematea ere".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide