Baloia oinetan, bidea urratzen

Aitziber Arzallus 2023ko azaroaren 17a

Aiara Karrera aurten hasi da Realaren laugarren taldean jokatzen, kadeteen mailan. (Reala)

Lagun Onaketik jauzia egin, eta aurten Realean dabil Aiara Karrera errezildarra. Euskadiko selekzioan dagoeneko ohiko jokalarietako bat da, eta lehen aldiz Espainiako selekzioaren deia jaso du.

Aiara Karrera (Errezil, 2009) baloia oinetan duela ikustera aspaldi ohitu ziren haren ingurukoak. "Oinez hasi orduko hasi zen baloiari ostikoka", gogora ekarri du haren amak, Nerea Aldalurrek. "Ume-umetatik nabaritzen zitzaion kirolerako gaitasuna zuela. 2 urte besterik ez zituela, jendea harrituta gelditzen zitzaion begira baloia nola erabiltzen zuen ikusita; boteak ematerakoan edota ostikadak ematerakoan, ikusten zitzaion koordinazio gaitasun handia zeukala". Eta horrez gain, futbolak asko erakarri izan du beti. "Etxean ez gara izugarrizko futbolzale horietakoak; Aiararen aita ibilitakoa da, baina niri ez zait sekula interesatu izan. Aiarak, ordea, ume-umetatik izan du futbolerako grina".

Karrerak Errezilgo San Martin Herri Eskolan egin zituen Lehen Hezkuntza bukatu arteko ikasketak, eta Ikas Kirol programaren barruan, Azpeitiko talderen baten kontra futbol partidaren bat jokatzea egokitzen zitzaienean, zur eta lur uzten zituen kontrarioen gurasoak. Gutxik bezala erabiltzen zuen baloia oinetan, eta berdin zitzaion parean neskak zein mutilak izan; denei egiten zien aurre. Azpeitiko Lagun Onak taldean hasi zen gero, eta han ere aurki nabarmendu zen. Bere adineko neskekin hasi zen entrenatzen, baina mutilen taldera pasatzeko aukera eman zioten, eta taldeko jokalari erabakiorretako bat izan zen. Infantil Txiki mailan taldeko jokalaririk onenaren saria errezildarrarentzat izan zen; eta Ohorezko Infantil mailan, taldeko goleatzaile onenarena irabazi zuen.

Koska bat gora

Realak ere berehala jo zuen begiz. "Infantiletan-eta Realak ez dauka nesken talderik, baina txapelketa batzuetan parte hartzen du beste taldeetako jokalariekin taldea osatuta, eta txapelketa horietan jokatzeko deitzen zidaten", esan du Karrerak. Aurten, ordea, Lagun Onaketik Realera jauzia egin du. "Emakumeen laugarren taldea sortu du Realak, kadeteen mailakoa, eta hartu egin naute".

DBHko 3. mailan dabil, Azpeitiko Urola Ikastolan, eta goiza eskolan pasatu eta gero, astean hiru arratsaldetan joaten da Zubietara entrenatzera: astearteetan, ostegunetan eta ostiraletan. "Oso gustura nabil, baina antzematen da aldea. Orain arte ohituta nengoenarekin konparatuta, entrenamenduak luzeagoak eta gogorrak dira; exijentzia maila handiagoa da". Entrenamendu saioak ere desberdinak direla esan du. "Egunaren arabera, modu bateko edo besteko saioak egiten ditugu, baina beti bi parte izaten dituzte: entrenamendu saioa aurrena, eta gero osagai bat". Osagaiak hainbat eratakoak izan daitezkeela azaldu du: "Batzuetan adimen emozionala lantzen dugu; beste batzuetan gimnasiora joaten gara eta han jarraitzen dugu; eta ostiraletan, hezkuntza saioa edukitzen dugu, eskolako lanak-eta egiteko". Asteburuetan, berriz, partida izaten dute.

Realeko egunerokora "ondo" egokitu dela esan du errezildarrak. "Orain taldekideak ditudanetako batzuk aurretik ere ezagutzen nituen, hainbat txapelketetan batera parte hartutakoak garelako, eta hori beti da lagungarria".

Realarekin ez ezik, Euskadiko selekzioarekin ere lehiatzen du Karrerak. "Euskadikoa ez da talde finkoa izaten, txapelketaren bat edo partidaren bat jokatu behar den bakoitzean deialdia kaleratzen dute", azaldu du, eta orain arte, deialdi guztietan sartu dute.

Eta horrez guztiaz gain, futbolari lotutako beste esperientzia bat bizitzeko aukera ere izan du orain dela gutxi. Hain zuzen ere, azaroaren 6tik 8ra Alacanteko (Herrialde Katalanak) L’Alfas del Pi herrian izan da 15 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin entrenatzen, Laura del Rio hautatzaileak deituta. "Hainbat taldetako 30 jokalari aritu gara hiru egunez entrenatzen, eta oso esperientzia ona izan da". Deialdian bere izena ikusi zuenean ustekabe handia hartu zuela aitortu du. "Ez nuen espero deialdian nire izena ikusterik, eta alde batetik, sekulako poza hartu nuen; baina beste aldetik, urduritasuna ere sentitu nuen, lehenengo aldia baitzen". Realeko beste hiru taldekide ere Karrerarekin batera izan dira Alacanten, eta horrek lasaitasun pixka bat eman ziola esan du. "Han egon garen 30 lagunetatik hamahiru hautatu dituzte Lisboan jokatuko duten txapelketa batean parte hartzeko, eta ni ez naute hautatu". Hala ere, bizitako esperientziarekin gelditzen dela esan du. "Orain arte bezala segitzeko esan digute, sortuko direlako aukera berriak". Eta halaxe egingo du errezialdarrak. "Futbolean segituko dudala garbi dut, ikusiko dugu noraino iristeko gai naizen".    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide