Asteazkenean hasi eta atzo bukatu zituzten Errezilgo II. Asto Probak, eta iaz bezala, ikusmina eragin zuten herrian. Adin guztietako herritarrak bertaratu ziren Errezilgo probalekura, asto proben bi jardunaldiak ikustera; biak 22:00etan hasita jokatu zituzten. Bertaratutakoen hitzetan, "proba politak" ikusteko aukera izan da Errezilen.
Atzo iluntzeko jardunaldian Argindei (Errezil), Etxabe (Aizarnazabal) eta Irazola (Mallabia, Bizkaia) probalarien astoak lehiatu ziren Errezilgo probalekuan. Lanik onena Etxaberen astoak egin zuen 60 plaza eta 2,15 metro eginda. Aizarnazabalgoak Jon Iñaki Urrutia eta Unai Egaña izan zituen itzainak, eta erlojuarekin Inazio Etxabe aritu zen. Etxaberen atzetik, bigarren Irazolaren astoak egin zuen, 577 plaza, bi zinta eta 0,32 metro eginda; kasu honetan, itzain Jose Luis Idoatek eta Jabier Elorduik jardun zuten, eta erlojuarekin Juan Uriarte aritu zen. Bigarren jardunaldiko hirugarrena Argindeiren astoa izan zen, justu 52 plaza osatuta; kasu honetan ere, Idoeta eta Elordui aritu ziren itzain, eta denbora Juan Uriartek zaindu zuen.
Asteazkenean jokatutako lehen jardunaldian nor baino nor aritu zirenak Errezilen Artabilla (Oikia, Zumaia), Ekaitz Elordui (Berango, Bizkaia) eta Beltxa (Itziar, Gipuzkoa) izan ziren. Artabillak 60 plaza, zinta bat, bi metro eta 64 zentimetro egin zituen, zazpi kiloko gainzamarekin. Jon Iñaki Urrutia eta Ibai Artabilla aritu ziren itzain lanetan. Beltxak 35 plaza, zinta bat, eta 2,98 metro egin zituen, hamar kiloko gainkargarekin. Haren itzainak Javier Elordui eta Jon Iñaki Urrutia izan ziren. Ekaitz Elorduik erakustaldia eskaini zuen, eta 61 plaza justuak osatu zituen, 94 kiloko gainzamarekin.
Errezilgo II. Asto Probaren bi jardunaldietako emaitzak kontuan hartuta Elordui izan da irabazlea eta haren atzetik Artabillak egin du. Ondorioz, era honetan gelditu da aurtengo asto baren sailkapena:
1. Ekaitz Elordui. Saria: 500 euro, manta eta garaikurra.
2. Artabilla. 450 euro eta garaikurra.
3. Etxabe. 400 euro eta garaikurra.
4. Irazola. 380 euro.
5. Argindei. 340 euro.
6. Beltxa. 300 euro.
2. Artabilla. 450 euro eta garaikurra.
3. Etxabe. 400 euro eta garaikurra.
4. Irazola. 380 euro.
5. Argindei. 340 euro.
6. Beltxa. 300 euro.
Iaz jokatu zituzten Errezilgo I. Asto Probak, eta Argindei nagusituta, etxean geratu zen Errezilgo I. Asto Probaren saria. Argindeiren atzetik, Etxabe aizarnazabaldarra eta Txibilter azkoitiarra sailkatu ziren, hurrenez hurren.
(Argazkiak: Ane Ugartemendia eta Ibon Errazu)