Ikusmina eta "proba politak", Errezilgo II. Asto Proben lehen jardunaldian

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 12a, 09:33

Bart gauean jokatu dute Errezilgo Asto Proben lehen jardunaldia, eta bertan nor baino nor aritu ziren Artabilla, Beltxa eta Ekaitz Elorduy. Hainbat herritar bertaratu zen Errezilgo plazara probak ikustera. Gaur jokatuko dute bigarren eta azken jardunaldia. 

Atzo, asteazkena, hasi ziren Errezilgo II. Asto Probak, eta iaz bezala, ikusmina eragin zuten herrian. Adin guztietako herritarrak bertaratu ziren Errezilgo probalekura, asto proben lehen jardunaldia ikustera. Gaur, osteguna, 22:00etan hasita jokatuko dute bigarren jardunaldia, eta orduan erabakiko da nor den aurtengo irabazlea. 
 
Lehen jardunaldian nor baino nor aritu ziren Artabilla (Oikia), Ekaitz Elorduy (Berango) eta Beltxa (Itziar). Artabillak 60 plaza, zinta bat, bi metro eta 64 zentimetro egin zituen, zazpi kiloko gainzamarekin.  Jon Iñaki Urrutia eta Ibai Artabilla aritu ziren itzain lanetan. Beltxak 35 plaza, zinta bat, eta 2,98 metro egin zituen, hamar kiloko gainkargarekin. Haren itzainak Javier Elordui eta Jon Iñaki Urrutia izan ziren. Ekaitz Elorduyk erakustaldia eskaini zuen, eta 61 plaza justuak osatu zituen, 94 kiloko gainzamarekin. Bertaratutakoen hitzetan, "proba politak" ikusteko aukera izan zen atzokoan. 
 
Gaurkoan honakoak arituko dira lehian: Argindei (Errezil), Etxabe (Aizarnazabal) eta Irazola (Mallabia). Sariei dagokienez, partaide guztiek jasoko dute diru saria. Sariketako txapeldunak 500 euro, manta eta garaikurra irabaziko ditu; bigarrenak, 450 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 400 euro eta garaikurra; laugarrenak, 380 euro; bosgarrenak, 340 euro; eta azkenak, 300 euro.
 
(Argazkiak: Ibon Errazu eta Ane Ugartemendia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide