Errezilgo II. Asto Probak jokatuko dituzte gaur eta bihar

Maialen Etxaniz 2023ko urriaren 11

Iazko Errezilgo Asto Probako irudia. (Ibon Errazu)

Sei parte hartzaile lehiatuko dira sariketan. Probako saioak 22:00etan hasiko dira, Errezilgo plazako probalekuan.

Errezilgo II. Asto Proba Sariketa jokatuko dute gaur, urriak 11, eta bihar Errezilgo plazako probalekuan. Sei parte hartzaile izango dira, eta egun bakoitzean hiruna ariko dira. Gaurkoan, honako hiru partaideren astoak lehiatuko dira: Artabilla (Oikia), Ekaitz Elorduy (Berango) eta Beltxa (Itziar). Bihar, berriz, honako hauenak: Argindei (Errezil), Etxabe (Aizarnazabal) eta Irazola (Mallabia). 

Probako bi saioak 22:00etan hasiko dira. Proba jokatuko duten astoen pisaketa 20:00etan egingo dute. 300 kilotik gorako astoek, kilo bakoitzeko kilo bateko gainzama eraman beharko dute. Probaren iraupena 30 minutukoa izango da. 

Sariei dagokienez, partaide guztiek jasoko dute diru saria. Sariketako txapeldunak 500 euro, manta eta garaikurra irabaziko ditu; bigarrenak, 450 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 400 euro eta garaikurra; laugarrenak, 380 euro; bosgarrenak, 340 euro; eta azkenak, 300 euro.

Iaz jokatu zituzten Errezilgo I. Asto Probak, eta Argindei nagusituta, etxean geratu zen Errezilgo I. Asto Probaren saria. Argindeiren atzetik, Etxabe aizarnazabaldarra eta Txibilter azkoitiarra sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide