Aitzol Apalantza: "Helikopteroko fintasunak balio izan digu errepidean"

Andoni Elduaien - Urtzi Oteiza 2023ko urr. 10a, 09:26

Aitzol Apalantzak (Errezil, 1991) irabazi du 2023ko Euskadiko Rallysprint Txapelketa. Irailaren 9an Aramaion (Araba) jokatu zuen lehiako azken lasterketa, Iker Zinkunegi kopilotu zuela.

Euskadiko Rallysprint Txapelketa irabazi duzu aurrenekoz. Zer izan da zuretzat hori?

Poz handia. Kotxezale amorratua naiz, afizio hori dut txiki-txikitatik. Aurrez, kopilotu ibilia naiz, baina orain aurreneko pausoak ari naiz ematen pilotu gisa. Pozik nago txapelketa ona atera delako, baina, aldi berean, kontziente naiz autorik onenarekin irabazi dugula. Gauzak diren bezala esan behar dira, eta autorik onenarekin lehiatuta, normalena irabaztea da. Beraz, meritua bere neurrian dugu. Lasterketak lasterketak izaten dira, eta ikusi dugu arazoak izaten direla eta ez dela erraza irabaztea. Dena den, aurreneko garaipenak lortuta, gustura eta pozik nago.

Zure Citroen autoaz gain, Ford bat eta Hyundai auto bat erabili dituzu aurtengo txapelketan. Auto bakoitza lasterketa jakin batean erabili al duzu? Nola antolatu duzu urtea?

Neuk erositako Citroen Saxo auto xume batekin iaz hasi nintzen pilotu bezala txapelketetan parte hartzen; ikastea nuen helburu. Nire asmoa zen Saxoarekin kilometroak egitea eta eskua hartzen joatea. Hiru lasterketa eginda nengoen ordurako, eta aurtengo neguan gauzei begira hasi nintzen. Orion Rally 2 R5 auto bat zuen Gorka Eizmendik. Sekulako autoak dira horiek, eta atentzioa ematen zidan. Ez nuen arrastorik zer prezio zuten auto horiek, eta Gorkari berari deituta hasi nintzen informatzen. Gorkarekin ez nuen lortu tratua egitea, baina berak lagunduta lortu nuen Kantabriako [Espainia] Costas Racing kudeatzen duen mutil gazte batekin hark niri autoa utz ziezadan akordioa egitea. Gabiriako eta Errezilgo lasterketak egitea adostu nuen harekin; izan ere, nire asmoa zen utzitako autoarekin bi lasterketa horiek egitea, eta gero Citroen Saxoarekin urtean zehar jarraitzea.

Txapelketan proba bat baino gehiago irabazi dituzu; Gabiriako eta Eskoriatzako [Gipuzkoa] rallysprintak, esaterako. Ford Fiesta autoarekin etorri dira garaipen horiek. Zein probatan egin duzu lanik borobilena?

Gabirian lortutako garaipena oso berezia izan zen, ez bainuen espero inondik inora; autoa hartu berri nengoen orduan. Gainera, kotxea hartu eta aurreneko aldiz La Roca zirkuituan probatzen ari nintzela, bidetik atera eta kolpea eman nion autoari. Gabiriako lasterketara eraman nuen helburu bakarra zen autoa bidean zuzen eramatea; erridikulua egiteko beldurrez joan nintzen. Sailkapeneko lehen lauren edo bosten barruan sartzea eta autoak osorik amai zezan nahi nuen. Ondo atera zen guztia, oso-oso seguru joan nintzen; ez nintzen azkar joan, hango denborak ez dira-eta onak. Gabiriako lasterketaren amaieran nire burua garaile ikusi nuenean, eta aurreko astea nola igaro nuen jakinda, sorpresa ikaragarria hartu nuen.

Azken proban, Aramaion (Araba), ezusteko egoera bati aurre egitea lortu zenuten. Zer gertatu zen egun horretan? Zer arazo izan zenuten?

Aramaion Albertok [Marcos] irabazten bazuen, guk laugarren edo bosgarren amaitu beharra genuen txapelketa irabazteko; gure autoarekin lor genezakeen sailkapeneko postu hori. Lasterketetan ikusi ditudan gauza pilarekin, ordea, jakin badakit probak zer diren. Guk erabili ditugun autoek apenas egiten dute huts, baina aste osoa igaro nuen lasterketak lasterketa direla eta edozer gerta daitekeela pentsatzen. Eta halaxe izan zen: ibilbidearen bigarren zatiari ekin eta aurreneko bihurgunean lagunduriko direkzioaren uhala apurtu, eta ia hesi baten aurka jo genuen. Abiadura bizian gindoazela direkzioa guztiz gogortuta gelditu zitzaigun, eta ibilbide zatiaren zazpi kilometro eta erdiak hala egin behar izan genituen. Ibilbidearen erdirako beso guztiak gogor-gogor egin zitzaizkidan, eta alboan nuen Ikerrek [Zinkunegi] lagundu behar izan zidan bihurgune guztiak hartzen, bestela ezingo nukeen. 50 segundu inguru galdu genituen horrela, eta une hartan eguneko hamargarrenak ginenez, txapelketa kasik hankaz gora jarri zitzaigun. Hurrengo bi zatiak egiteko matxura konpondu genuen; batean bigarren egin gennuen, eta azkenekoan eguneko denborarik onena lortu genuen. Hala, sailkapeneko bigarrenak izatera ailegatu ginen. Batetik, pena genuen matxurarengatik Aramaioko txapela lortzeko borrokatik kanpo gelditu ginelako, baina, bestetik, zorte handia izan genuen matxuraren garaian kolperik ez genuelako hartu. Behintzat, txapela lortu genuen, eta gustura.

Denbora baten jarduna etenda izan eta gero berrekin diezu rallysprintei. Zerk piztu dizu berriro automobilismora itzulitzeko harra?

Txiki-txikitatik jarraitu izan ditut auto lasterketak, eta etxean ere betidanik izan dira kotxeak. 16 urterekin hasi eta 18 urte bete bitartean kopilotu ibili nintzen. Gogoagatik izan balitz, 18 urterekin hasiko nintzatekeen lasterketetan, baina adin horrekin ez zegoen aukerarik. Halako afizioa izanda eta automobilismoa horrenbeste bizita ere, hamar-hamabi bat urte lasterketatik kanpo ibili naiz; lanean zentratuta eta probetara joan gabe egon naiz, bestela sekulako harra pizten zitzaidan. Ordea, pandemia garaian helikopteroari lotutako enpresa bat sortu nuen, eta han ateratako etekinarekin aukera izan dut autoekin pilotu hasteko.

Aurtengo txapelduna zara. Txapela berritzeko asmorik ba al duzu datorren denboraldian?

Nahiko nuke, baina ez dakit zer egingo dudan. Aurten txapela lortuta, gainera, 1 zenbakiarekin arituko nintzatekeen datorren denboraldian, eta hori berezia da. Ikaragarri disfrutatu dut, hau da nire mundua, baina faktore asko daude tartean. Ikusi beharko da negua nola joaten den eta pertsonalki nola nagoen; otsail aldera arte ez dut jakingo aurrera egingo dugun edo ez. Aurten bizitakoa zoragarria izan da, bai lasterketei, bai lagunarteari dagokionez. Oroitzen naiz 16 urte nituenean egundoko lehia zegoela pilotuen artean, eta orain zeharo desberdin bizi dugu dena; asistentziak-eta elkarbanatu ditugu, eta gustura nago horregatik. Jarraitzea erabakitzen badugu ondo, eta bestela, berriz, oroitzapen onekin geldituko naiz.

Errepide gaineko bolanteari bakarrik ez, airekoari eusten diozula aipatu duzu; helikoptero gidaria ere bazara. Desberdintasun handia al dago bolante batetik bestera?

Zerikusi handia dute autoa eta helikopteroa gidatzeko moduek. Helikopteroarekin oso fina izan behar da, mugimendu suabeak egin behar dira, lasai egon, eta batez ere, buru hotza eduki. Errepideko lasterketetan, berriz, gidatzeko modu desberdinak daude: batzuk ikusgarriak dira, zeharka ikaragarri ibiltzen dira… Ordea, ez da nire kasua. Ni ez naiz behin ere ibili zirkuituetan, ez dut abileziarik zeharka ibiltzeko. Nire burua ez dut gidari ontzat hartzen, baina helikopteroko ikuspegia eraman dut errepidera: gidari fina izan, trazadurak bere lekuan eman, balaztatu ondo, azeleratu eta burua erabiltzen saiatu. Autoaren kolpe-leungailu bat-edo hautsi dugu, baina ez dugu arazo handiagorik izan. Unean unekoa egiten asmatu dugu; helikopteroko fintasunak eta burua hotz izateak balio izan digu errepidean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide