Errezilgo hamabost sagardogilek hartu zuten parte atzo, 20:00etan hasita, Errezilgo frontoian jokatu zen X. Sagardo Txapelketa Herrikoian. Aurreko urteetan bezala, Gaztetandik kultur elkarteak antolatu zuen ekimena, eta pintxoak janez, sagardoak dastatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Antolatzaileen arabera, 200 bat lagun elkartu ziren herriko frontoian.
Txapelketan parte hartzeko baldintzetako bat da sagardo guztiek herrian bertan ekoiztutakoak izan behar dutela. Hori horrela, honako hamabost hauek dira atzoko txapelketan parte hartu zuten sagardogile edo baserriak: Irure Txiki, Irure (Aiertza), Estrada Zaharra, Bustin Zuri, Lasturreta, Aritzeta Goikoa, Basabil, Mugarrieta, Zuazketa, Ibarguren, Arabe, Urdalleta, Basabe, Aranguren, eta Ezama Enea.
Epaimahaiak erabaki zuen txapela merezi zuen sagardogilea, eta Zuazketa izan zen aurtengo txapelduna. Iñaki Aiertzak jaso zuen saria, eta irabaztea "sorpresa" izan zela aitortu zuen txapela jaso ondoren. Aurreneko aldiz irabazi du herriko sagardo txapelketa. Bigarren saria Basabeko sagardogileak jaso zuen, eta hirugarrena Mugarrietakoak.
Sari banaketaren ostean, herriko produktuen zozketa egin zuten eta zenbait bertso ere abestu zituzten.
Iaz Urdalletako sagardoak irabazi zuen epaimahaiaren lehen saria. Bigarren postuan geratu zen Umansoro baserriko sagardoa, eta Basabekoarentzat izan zen hirugarren saria.