Urriaren 7an jokatuko dute Errezilgo X. Sagardo Txapelketa

Maialen Etxaniz 2023ko irailaren 27a

Iazko txapelketako irudia. (Nerea Uranga)

Hamabost sagardogilek parte hartuko dute sagardo txapelketaren hamargarren edizioan. Ohi bezala, sagardoari laguntzeko pintxoak jarriko dituzte, baita kafea ere. Sarrera 15 euro ordaindu beharko da. 

Badu data Errezilgo X. Sagardo Txapelketa Herrikoiak. Gaztetandik kultur elkarteak antolatzen duen txapelketa herrikoia, hain zuzen, urriaren 7an, larunbatez. Betiko eran egingo dute txapelketa aurten ere. 

Errezilgo pilotalekuan jokatuko da hamargarren Sagardo Txapelketa Herrikoia, 20:00etan hasita. Guztira, hamabost sagardo desberdin dastatzeko aukera izango dute Errezilera bertaratzen direnek, Edari guztiak herrian bertan ekoiztutakoak izango dira. Honako hauek dira txapelketan parte hartuko duten sagardogile edo baserriak: Irure Txiki, Irure (Aiertza), Estrada Zaharra, Bustin Zuri, Lasturreta, Aritzeta Goikoa, Basabil, Mugarrieta, Zuazketa, Ibarguren, Arabe, Urdalleta, Basabe, Aranguren,  eta Ezama Enea. 

Iaz Urdalleta izan zen txapelduna. Carlos Urdalletak jaso zuen saria, eta irabaztea "sorpresa" izan zela aitortu zuen txapela jaso ondoren. Aurreneko aldiz irabazi du herriko sagardo txapelketa, eta etxean sagardoa bi urtetik behin egiten dutela azaldu zuen. Bigarren saria Umansoro baserriko sagardogileak jaso zuen, eta hirugarrena Basabekoak. Epaimahaiarekin bat etorriko zen emaitza asmatzeko "kiniela" ere antolatu zuten antolatzaileek frontoian bildutakoen artean. Bi lagun izan ziren kiniela asmatu zutenak, eta bien artean zozketa egin ondoren Esnali egokitu zitzaion saria.

Sarrerak, egunean salgai 

Sagardo Txapelketa Herrikoira bertaratu nahi dutenek egunean bertan erosi beharko dituzte txartelak. Helduek hamabost euro ordaindu beharko dute sarrera, eta nahi beste sagardo dastatzeko aukera izateaz gain, pintxoez eta postreaz gozatzeko aukera izango dute. Gaztetxoek –12 eta 15 urte bitartekoek– hamar euro ordaindu beharko dute sarrera. Pilotalekuan bertan jarriko dituzte salgai, ekitaldia hasi aurretik. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide