Zornotza anaiek irabazi dute Errezilgo I. Leku-Ona kintopeko idi sariketa

Andoni Elduaien 2023ko uztailaren 11

1.300 euro, mantak eta txapela irabazi dituzte Zallako (Bizkaia) Zornotza anaiek. Atzo jokatu zuten sariketaren azken jardunaldia, eta plazara atera zituzten hiru idi pareek hobetu zituzten ostiralean eta larunbatean gainerako partaideek egindako lanak.

Zornotza anaiek irabazi dute aurten Errezilen lehen aldiz jokatu den I. Leku-Ona kintopeko idi sariketa. Atzo, astelehena, jokatu zuten Errezilgo probalekuan sariketaren hirugarren eta azken jardunaldia, eta hiru idi pareek hobetu zituzten ostiraleko eta larunbateko markak. Lanik onena Zornotza anaiek (Zalla, Bizkaia) egin zuten, 55 plaza justu osatuta, eta harentzat izan dira sariketako 1.300 euro, mantak eta txapela. Bigarren sailkatu da Igone Pagadizabal (Hondarribia, Gipuzkoa) 54 plaza eta 1,95 metro eginda, eta hirugarrena izan da Soarte (Elgoibar, Gipuzkoa), 52 plaza eta 2,18 metro osatuta. Hiru idi pareek osatu dute sailkapeneko podiuma, hurrenez hurren.

Larunbatean, Iñaki Oliden (Orio), Korta (Gabiria, Gipuzkoa) eta Jon Lekanda (Urduliz, Bizkaia) lehiatu ziren, eta Oliden izan zen nagusi. Hark 44 plaza egin zituen justu, Lekandak 34 plaza, bi zinta eta 4,14 metro, eta Kortak, berriz, hamalau plaza, hiru zinta eta 3,73 metro. Ostiralean, bestalde, Lezoko (Gipuzkoa) Olatzar Eraikuntzak eta Azkoitiko Isidro Erretegia etxeetako idiek neurtu zituzten indarrak. Olatzar nagusitu zen zentimetro eskas batzuen aldeagatik. Lezoko idi pareak, 34 plaza, 3 metro eta 91 zentimetro osatu zituen, eta Azkoitiak 34 plaza, 3 metro eta 56 zentimetro. Josu Iradi eta Eduardo Arrizabalaga aritu dira hiru egunetan epaile lanak egiten.

Hori horrela, modu honetan gelditu da sariketaren sailkapena:

  1. Zornotza Anaiak: 55 plaza (81 kiloko gainkarga).
    • 1.300 euro, mantak eta txapela jaso ditu.
  2. Igone Pagadizabal: 54 plaza eta 1,95 metro (1,5 kiloko gainkarga).
    • 1.200 euro jaso ditu.
  3. Soarte: 52 plaza eta 2,18 metro (33 kiloko gainkarga).
    • 1.100 euro jaso ditu.
  4. Iñaki Oliden: 44 plaza (13,5 kiloko gainkarga).
    • 950 euro jaso ditu.
  5. Jon Lekanda: 34 plaza, bi zinta eta 4,14 metro.
    • 850 euro jaso ditu.
  6. Olatzar Eraikuntzak: 34 plaza eta 3,92 metro (64,5 kiloko gainkarga).
    • 750 euro jaso ditu.
  7. Isidro Erretegia: 34 plaza eta 3,56 metro (91,5 kiloko gainkarga).
    • 640 euro jaso ditu.
  8. Korta: hamalau plaza, hiru zinta eta 3,73 metro (130,5 kiloko gainkarga).
    • 590 euro jaso ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide