Rock doinuak eta erromeria uztartu dituzte Zelatunen

Ihintza Elustondo 2023ko uztailaren 9a

Beertoki elkarteak antolatuta, bigarren aldiz egin dute musika jaialdia Hernioren magalean. Aurtengoan, Esanezin, Habi, Occhi di Farfalla eta Mihise taldeek jo dute zuzenean, eta giro ederra sortu da.

II. Errokcmeria jaialdia egin dute gaur, igandez, Zelatunen, Beertoki elkarteak antolatuta. 12:00etan hasi da rock jaialdia, eta 18:00 alderako bukatu dute. Aurtengoan, Esanezin, Habi, Occhi di Farfalla eta Mihise taldeek jo dute zuzenean, eta giro ederra sortu da Hernioren magalean.

Beertoki elkarteak zera lortu nahi du Errockmeria jaialdiarekin: Euskal Herriko musika taldeek "Zelatungo paraje zoragarrian"  beren lanak aurkeztea."Zelatunek beste era batera gozatzeko aukera eskaintzen du, mendizaletasuna eta kultura uztartuz, alegia. Herniopeko nahiz inguruko herriei bultzada eman nahi diegu, publiko desberdina mendira erakarriz, eta ingurua ezagutzen duenari, berriz, toki kutun horretan esperientzia berri bat bizitzeko aukera emanez".

Beertoki elkartea artisau garagardoak eta musikak elkartzen dituen gazte talde batek osatzen dute, eta dagoeneko hainbat ekintza antolatu dituzte: "Azken hamar urteetan hainbat ekitaldi antolatu ditugu, tartean, 150 kontzertu inguru eragile desberdinekin. Askotariko formatuetan egin ditugu, eta hainbat tokitan, hala nola tabernetan, kultur aretoetan, plazetan edota frontoietan". 

(Argazkiak: Unai Sorarrain)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide