Leku Ona Kintopeko Idi Sariketa jokatzen hasi dira Errezilen

Ihintza Elustondo 2023ko uztailaren 8a

Lezoko (Gipuzkoa) Olatzar eraikuntzaken eta Azkoitiko Isidro erretegiaren idizaleek parte hartu dute lehen saioan. Gaur eta astelehenean jokatuko dituzte gainontzeko saioak, Errezilgo probalekuan.

I. Leku Ona Kintopeko Idi Sariketa jokatzen hasi dira Errezilen. Atzo, ostirala, jokatu zuten lehen idi dema, Errezilgo probalekuan. Lezoko (Gipuzkoa) Olatzar eraikuntzaken eta Azkoitiko Isidro erretegiaren idizaleek parte hartu zuten atzoko saioan. Olatzar nagusitu zen, 34 plaza, 3 metro eta 91 zentrimetro osatuta. Isidro erretegiaren idiek, berriz, 34 plaza, 3 metro eta 56 zentimetro osatu zituzten.

Gaur, larunbata, eta astelehenean –uztailak 10– jokatuko dituzte beste bi probak. Gipuzkoako txapelketarako puntuagarriak izango dira saioak, eta guztiak 22:00etan hasiko dira. Idien pisaketak proba egunetan egingo dituzte, 10:00etan.

Lehen saioa jokatuta, gaur lau idizaleren txanda izango da, eta honako hauek ariko dira: Iñaki Oliden (Orio), Korta (Gabiria, Gipuzkoa), Iñaki Lopategi (Birla, Bizkaia) eta Jon Lekanda (Urduliz, Bizkaia). Idi sariketako azkenengo egunean, uztailaren 10ean, berriz, Soartek (Elgoibar, Gipuzkoa), Igone Pagadizabalek (Hondarribia, Gipuzkoa) eta Zornotza anaiek (Zalla, Bizkaia) jokatuko dute proba.

Sariak

Sariketan parte hartuko duten idizale guztientzako izango dira sariak. Honakoak dira banatuko dituzten sariak:
1- 1.300 euro, mantak eta  txapela.
2- 1.200 euro.
3- 1.100 euro.
4- 950 euro.
5- 850 euro.
6- 750 euro.
7- 640 euro.
8- 590 euro.
9- 540 euro.
10- 500 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide