II. Errockmeria musika jaialdia antolatu dute Zelatunen

Nerea Uranga 2023ko uztailaren 5a

Iazko Errockmeria, Zelatunen. (Beertoki elkartea)

Igande honetan II. Errokcmeria jaialdia egingo dute Zelatunen, Beertoki elkarteak antolatuta. 12:00etan hasiko da rock jaialdia, eta 18:00 alderako bukatuko dute. Aurtengoan, Esanezin, Habi, Occhi di Farfalla eta Mihise taldeek joko dute. 

Beertoki elkartea artisau garagardoak eta musikak elkartzen dituen gazte talde batek osatzen dute, eta dagoeneko hainbat ekintza antolatu dituzte: "Azken hamar urteetan hainbat ekitaldi antolatu ditugu, tartean, 150 kontzertu inguru eragile desberdinekin. Askotariko formatuetan egin ditugu, eta hainbat tokitan, hala nola tabernetan, kultur aretoetan, plazetan edota frontoietan". 

Jardun horren barruan, iaz lehenengo aldiz Errockmeria antolatu zuten Zelatunen. "Ideia ona iruditu zitzaigun ohiko erromeriari berritasun kutsua ematea, eta horregatik, uztaileko igande batean rock jaialdi bat egitea bururatu zitzaigun, erromeria itxura emanez. Iazko Zelatungo Errockmeriak ezin hobeto irten zuen; askotariko jendea bildu zen, eta giro bikainean ospatu genuen eguna", azaldu dute Beertoki elkartekoek. 

Beertoki elkarteak zera lortu nahi du Errockmeria jaialdiarekin: Euskal Herriko musika taldeek "Zelatungo paraje zoragarrian"  beren lanak aurkeztea."Zelatunek beste era batera gozatzeko aukera eskaintzen du, mendizaletasuna eta kultura uztartuz, alegia. Herniopeko nahiz inguruko herriei bultzada eman nahi diegu, publiko desberdina mendira erakarriz, eta ingurua ezagutzen duenari, berriz, toki kutun horretan esperientzia berri bat bizitzeko aukera emanez". Era berean, mendia errespetatzera, ingurua zaintzera eta txukun mantentzera bultzatuko dute igandean Zelatunen biltzen den jendea.

Bestalde, Beertoki elkartekoek argi utzi nahi izan dute beren helburua ez dela musika jaialdiarekin dirua irabaztea: "Antolatzaileok ez dugu inolako irabazi ekonomikorik ateratzeko asmorik, eta babesleez aparte, jaialdiak ez du beste diru sarrerarik izango. Jatekoa eta edatekoa Zelatungo borden esku uzten dugu, haiei ere laguntza txiki bat emateko".

II. Errockmerian joko duten taldeak

Lau talde dira datorren igandean Zelatunen kontzertua eskainiko dutenak Errockmeriaren bigarren edizioan: Esanezin, Habi, Occhi di Farfalla eta Mihise. Hona talde bakoitzaren nondik norakoak:

Esanezin Ianire Aranzaberen musika proiektua da. Aranzabek 2021. urtean kaleratu zuen zazpi kantuz osatutako Aireratzen bere lehen diskoa. Proiektu horri hasiera Zestoako Gaztain estudioan eman zion, baina gainerakoa Bartzelonako Turonet estudioan grabatu zuen. Pop doinuak jorratzen ditu, eta bakarkako formatuan lehen kontzertuak eman ondoren, laukote forma hartu du proiektuak; Aranzabez gainera, Arri Iraetak, Yeray Gasconek eta Iñigo Asensiok osatzen dute. Aurten, agertokietatik pixka bat urrunduta zertxobait urrundu eta urte amaierarako espero den lehen disko luzearen prestaketa eta grabaketetan murgilduta dago proiektua.

Habi taldea 2018an sortu zuten Jon Ander Artola eta Yeray Gascon villabonarrek. Artolak bateria jotzen du eta Gasconek gitarra eta ahotsa. Elkartu eta sei hilabetera zortzi kantuko Loratu lana kaleratu zuten. Konfinamenduaren garaian bigarren lana egin zuten: Koloreak. 2021ean, Bermeoko (Bizkaia) Etxekalte taldearekin batuta, eta Elkar estudioen laguntzarekin Arimak denboran single bikoitza grabatu zuten, Víctor Sánchezek gidatuta. Orain, laugarren estudioko lana aurkeztu du Habi taldeak: Helmuga. Lau kantuz osaturiko EPa da, eta askotariko estiloak nahastu dituzte.

Occhi di Farfalla Miren Aranguren eta Hodei Esteban zarauztarrek 2013an bikote akustiko gisa sortutako proiektua da. Errepidera ateratzeko asmoz osatutako proiektua izanik, lehen kantuak egin ahala bira egin zuten Alemania, Suitza, Txekia, Eslovenia eta Italian barrena. Kantuak taldean eta elektrikoan jotzeko gogoarekin, berriz, 2015ean laukote formatuan –taldera batutako Jokin Azpiazu eta Bati-rekin batera– bigarren bira egin zuten Alemania, Suitza, Txekia eta hainbat herrialdeetan zehar. 2017ko udan berriro jo zuten Europako hainbat herrialdetara, kasu horretan, Ibon Guerra bidelagun zutela. 2019an, berriz, Destino Epikoak diskoa aurkeztu zuten. 2020 eta 2021 urteak kantu berriak lantzen pasatu ondoren, eta Iraun izeneko diskoa da kaleratu duten azken lana.

Mihise taldea Hotzikara taldearen joera aldaketaren ondorio da, eta Kronik@ lana dute kaleratuta. Estilo aldaketa, instrumentu aldaketa, formazio aldaketa… dira lan horren jatorria. Beñat Urteagak (bajua eta ahotsa), Antton Aranburuk (kitarra eta ahotsa eta Mikel Olasagastik (bateria) osatzen dute Mihise taldea. Taldea bigarren diskoa kaleratzekoa lanean ari da sasoi honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide