I. Leku Ona Kintopeko Idi Sariketa jokatuko dute Errezilen, uztailaren 7an (ostirala), uztailaren 8an (larunbata) eta uztailaren 10ean (astelehena). 22:00etan hasiko dira egun guztietan idi demak, Errezilgo probalekuan. Gipuzkoako txapelketarako puntuagarria izango da.
Hamar idizaleren idiek parte hartuko dute Errezilen jokatuko den proban; horietatik bi dira Urola Kosta eskualdekoak Azkoitiko Isidro erretegia eta Orioko Iñaki Oliden. Aurreneko eta azkenengo egunetan hiruna probazaleren idiek lehiatuko dute, eta larunbatekoan laurenak ariko dira. Idien pisaketak proba egunetan egingo dituzte, 10:00etan.
Uztailaren 7ko dema, Isidro erretegia (Azkoitia), Olatzar eraikuntzak (Lezo, Gipuzkoa) eta Iruña erretegia (Jatabe, Bizkaia) idizaleen idiek jokatuko dute. Uztailaren 8an, lau idizaleren txanda izango da, eta honako hauek ariko dira: Iñaki Oliden (Orio), Korta (Gabiria, Gipuzkoa), Iñaki Lopategi (Birla, Bizkaia) eta Jon Lekanda (Urduliz, Bizkaia). Idi sariketako azkenengo egunean, uztailaren 10ean, berriz, Soartek (Elgoibar, Gipuzkoa), Igone Pagadizabalek (Hondarribia, Gipuzkoa) eta Zornotza anaiek (Zalla, Bizkaia) jokatuko dute proba.
Sariak
Sariketan parte hartuko duten idizale guztientzako izango dira sariak. Honakoak dira banatuko dituzten sariak:
1- 1.300 euro, mantak eta txapela.
2- 1.200 euro.
3- 1.100 euro.
4- 950 euro.
5- 850 euro.
6- 750 euro.
7- 640 euro.
8- 590 euro.
9- 540 euro.
10- 500 euro.