Beste urte batez eta hutsik egin gabe ospatzen ari dira aurten ere San Antonio eguna Errezilen. Udako jai nagusien lehen jardunaldia dute aurten zaindariaren eguna, eta Umeen Eguna ere bai, eguraldiaren iragarpenak Festa Batzordeari egitaraua moldarazi badio ere.
Goizean, ordea, giro dotorea izan dute errezildarrek San Antonio ermitan elkartzeko. 11:00etan han egin duten meza entzutera joan direnek ermita ondoko santutxoan Festa Batzordekoek prest zuten hamaiketakoaz gozatu ahal izan dute aurten ere meza ondorenean, Lidia eta Itzeder trikitilarien doinuek girotuta. Hamaiketakoari kolpe egin aurretik, baina, sanantonietako txupinazoa bota dute; adinekoen Eguneko Zentroko langileak izan dira aurten festetako lehen suziriak bota dituztenak.
Zezen txikiak eta poniak izan dira urte luzez San Antonioren ermitaren bueltako festaren osagarrietako bat, baina aurten ez dute halakorik izan. Aldiz, zaindariaren eguna hasteko ekitaldietako bat herrian egin dute: paella jana. Batzuk ermitan zebiltzan bitartean, beste batzuk elizako zimitorioan aritu dira paellak prestatzeko eta ondoren bazkaltzeko aurreko lanak egiten. Hiru taldek beste horrenbeste paella prestatu dituzte aurtengo jai egitarauaren berrikuntza nagusirako, eta 70 bat lagun elkartuko dira horiek jateko.
Arratsaldean, Umeen Egunaren barruan hainbat jolas eta ekintza egitekoak ziren gaur 16:30etik aurrera, baina horietako batzuk bertan behera utzi dituztela jakinarazi du Festa Batzordeak, ekaiitz iragarpena dela eta; hain zuzen ere, eskolako jolastokian egitekoak direnak utziko dituzte bere horretan.
19:00etan, berriz, Niala magoak emanaldia egingo du, eta pintxo-poteoa ere izango dute Errezilen ordu horretatik aurrera, Borondegin, Erniopen eta Akerran.
Asteburuko egitaraua
Gaurkoa ospatuta, ostiralean berrekingo diete sanantonioei Errezilen. Hau da astebururako prestatu duten festa egitaraua:
Ekainak 16, ostirala
- 16:30. Ume jolasak. Ondoren, txokolate jana, Erniopen.
- 20:00. Gaztetxoen dantza erakustaldia.
- 21:00. Herri afaria, Akerra elkarteak antolatuta.
- 21:30. Haurrentzat DJa, dantzalekuan.
- Ondoren, Laiotz taldearekin erromeria.
Ekainak 17, larunbata
- 07:00. Gaupaseroen argazkia.
- 17:00. Gaztetxoentzat ekintzak.
- 18:00. Triki-bertso poteoa. Bertsolariak: Alaia Martin eta Joanes Illarregi. Trikitilariak: Juan Labaka eta Julen Rueda.
- 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa. Helduak: 15 euro; haurrak: 5 euro.
- 23:00. Bada Giro taldearekin erromeria.
Ekainak 18, igandea
- 12:00. Haurren dantza emanaldia.
- Ondoren, herriko haurren pilota txapelketaren finalak.
- 18:00. Herri kirolak. Ondoren, Lidia eta Itzeder trikitilarien saioa.