Datorren asteartea, ekainaren 13a, San Antonio eguna da, eta zaindariaren egunarekin hasiko dira Errezilen urteko lehen festa nagusiak ospatzen.
San Antonio egunez ohi dutenez, 11:00etan meza izango dute San Antonioren ermitan; eta meza ondorenean, ermitaren atarian, jaien hasierako txupinazoa bota eta hamaiketakoa egingo dute, Lidia eta Itzeder trikilarien doinuekin girotuta.
Aurten, inguruko beste hainbat herri eta auzotan bezala, zezen txikirik eta ponirik ez dute izango ermitaren ondoko zelaian, baina aurtengo festetako berrikuntza nagusia izango den paella jana, bai. Elizako zimitorioan izango da hori; 11:00etan hasiko dira paellak prestatzen han, eta bertan jango dituzte ondoren. Taldeka prestatuko dituzte paellak; hiru taldetan banatuta, guztira 70 lagunek eman dute izena, eta Festa Batzordeko kideak "gustura" daude ekintza berriak izan duen harrerarekin.
Umeen Eguna ere izango da San Antonio eguna. Horrela, 16:30etik aurrera haurrei zuzendutako ekintzak izango dituzte, eta 19:00etan Niala magoaren emanaldia ere bai, Gaztetandikek antolatuta. Jaietako lehen eguna borobiltzeko, pintxo-potea egingo dute arratsaldean Erniopen, Akerran eta Borondegin.
Jarraipena, asteburuan
Ostiraletik igandera bitartean, hilaren 16tik 18ra, jarraituko dute jaiekin Errezilen.
Gaur zortzi, besteak beste, herri afaria izango dute. Aurten Akerra elkarteari dagokio hori antolatzea, eta etzi, igandea, bukatuko da afarirako txartelak erosteko epea, Borondegin, Letean eta herriko dendan; helduek 28 euro ordaindu beharko dute txartela, eta umeek 14 euro.
Egitaraua
Hau da 2023ko sanantonietarako Errezilen prestatu duten jai egitaraua:
Ekainak 23, asteartea. San Antonio eguna. Umeen Eguna
- 11:00. Meza, San Antonio baselizan.
- Ondoren, txupinazoa eta hamaiketakoa, Lidia eta Itzeder trikitilariek girotuta.
- 11:00. Paella prestaketa hasiko dute, taldeka.
- Ondoren, paella jana. Elizako zimitorioan.
- 16:30. Haurrentzat ekintzak.
- 19:00. Pintxo-poteoa Erniopen, Akerran eta Borondegin.
- Haurrentzako Niala magoa, Gaztetandikek antolatuta.
Ekainak 16, ostirala
- 16:30. Ume jolasak. Ondoren, txokolate jana, Erniopen.
- 20:00. Gaztetxoen dantza erakustaldia.
- 21:00. Herri afaria, Akerra elkarteak antolatuta.
- 21:30. Haurrentzat DJa, dantzalekuan.
- Ondoren, Laiotz taldearekin erromeria.
Ekainak 17, larunbata
- 07:00. Gaupaseroen argazkia.
- 17:00. Gaztetxoentzat ekintzak.
- 18:00. Triki-bertso poteoa. Bertsolariak: Alaia Martin eta Joanes Illarregi. Trikitilariak: Juan Labaka eta Julen Rueda.
- 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa. Helduak: 15 euro; haurrak: 5 euro.
- 23:00. Bada Giro taldearekin erromeria.
Ekainak 18, igandea
- 12:00. Haurren dantza emanaldia.
- Ondoren, herriko haurren pilota txapelketaren finalak.
- 18:00. Herri kirolak. Ondoren, Lidia eta Itzeder trikitilarien saioa.