Statkraft Norvegiako enpresak Sañoa mendian, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan, eraiki nahi duen zentral eolikoaren kontrako mozioa aurkeztu du Sañu Bizirik taldeak aipatu hiru herrietako udaletan, eta hiruretan bota dute atzera. Martxoaren 3an Zestoan eta 7an Azpeitian gertatu bezala, Errezilen ere gai horren inguruan Udal Gobernuan dagoen EH Bilduk aurkeztutako kontramozioa izan da onartu dutena.
Joan den ostegunean, apirileko ohiko eta agintaldi honetako azken udalbatzarrean, landu, eztabaidatu eta bozkatu zituzten bi mozioak. Bi ordu iraun zituen udalaren osoko bilkurak, eta ia ordu eta erdi hartu zituen Piaspe proiektu eolikoaren gaineko mozioen irakurketak, eztabaidak eta bozketak. Bi mozioak irakurri zituzten lehendabizi, Sañu Bizirikena aurrena eta EH Bildurena jarraian; galdera-erantzunak eta eztabaida etorri ziren gero; eta, azkenik, bi mozioak bozkatu zituzten udal ordezkariek. Sañu Biziriken mozioari abstentzioarekin erantzun zioten guztiek, bai Udal Gobernukoek, bai Errezilgintza oposizioko taldearen bi zinegotziek. Errezilgintzakoak abstenitu egin ziren, halaber, EH Bilduren kontramozioaren bozketan, eta Udal Gobernuan gehiengo osoa duen koalizioaren aldeko botoekin onartu zuten Herritarrekin adostutako trantsizio energetiko baten aldeko mozioa. Eztabaidagaiaren gainean "alde edo kontra" azaltzeko nahiko informaziorik ez zutela argudiatu zuen Errezilgintzako Ane Ugartemendiak abstentzioa argudiatzeko, eta Statkrafti informazioa eskatzeko galdegin zuen.
Ezinegona eta informazio gabezia
Gaiak sortutako ikusminaren erakusgarri izan zen udaletxeko areto nagusiak hartu zuen betekada. Sañu Bizirik taldeko kide zein kide ez diren herritarrek txiki utzi zuten aretoa, eta asko izan ziren hitza hartu zutenak ere.
Piasperen eta antzeko proiektuen "eragin suntsitzailea" eta energia trantsiziorako eraginkortasun eza azpimarratzeaz gain, proiektuak eragindako hiru udalek jarrera edo posizionamendu argia hartzea izan da Sañu Bizirikek aurkeztutako mozioaren helburuetako bat. Errezilen, behin eta berriz galdegin zieten udal ordezkariei erabaki bat hartzeko eta Sañoarako proiektu eolikoaren kontra mugitzen hasteko. Mozioa irakurri zuen taldekideak zentrak eolikoaren balizko etorreraren aurrean eratu duten Txillarramendi auzo elkartearen izenean hartu zuen hitza segidan. Txillarramendin eta Etumetan Piaspe proiektuak "zuzenean" eragingo dien ia 40 baserri daudela esan zuen, etainguru horretan "ezinegona eta beldurra nagusi" direla. Erakundeen jarrerak "babesgabetasuna" eragiten diela gaineratu zuen, Zestoako Udalaren jarrera salbuetsiz. Landa eremuko udalerria izanda, horrelako gai batean "Errezilgo Udala isilik egon beharra penagarria" iruditzen zaiola esan zuen Txillarramendi auzo elkarteko kideak, eta udalbatzarrean gehiagotan errepikatuko zen eskaera egin zien udal ordezkariei: "Gaur duzue aukera herriaren idiosinkrasiaren alde giteko".
Udal Gobernuak, bere aldetik, udalean inork ez duela eskaerarik sartu, proiekturik ez zaiela iritsi, eta duten informazioarekin ezin dutela posizionatu erantzun zuen, behin eta berriz. Enpresaren ordezkariek beren asmoak azaltzeko hiru udalekin Azpeitian egindako bileraz, eta Azpeitian bertan hango udalak eta Statkraftek Soreasun egindako aurkezpenaz gero, gaiaren inguruko zehaztapen gehiago ez dutela izan esan zuen Xebero Agirretxe alkateak: "Soreasun esan zuten [Statkrafekoek] hiru herrietan emango zutela informazioa, eta gaur arte ez dugu beste berririk izan". "Udal bezala, ez daukagu inolako informaziorik", berretsi zuen Koldo Arzallus zinegotziak: "Proiektua eskuetan daukagunean, teknikoen txostenak eskuetan ditugunean, hartuko ditugu erabakiak. Udal gisa, ezin dugu orain posizionatu. Udal honek ez du ez proiektu, ez informaziorik".
Errezilgo udalbatzarra, Sañu Biziriken mozioa bokatzeko unean. (Mailo OIarzabal)
Premia eta konpromisoak
Sañuko kideek eta beste herritar batzuek harridura agertu zuten udalaren jarreraren aurrean. Informazioa edo proiektua iristeko zain egon beharrean, informazioaren bila joateko eskatu zieten Udal Gobernuko kideei, premiazkoa delakoan. "Udalak badu indarra, zain egon gabe, enpresari informazioa eskatzera joateko". Sañukoen esanetan, proiektuarekin aurrera jarraitzen du enpresak, eta udalera iristen denean "beranduegi" izango dela zioten osteguneko udalbatzarrean. "Orain duzue aukera aurrea hartzeko, hiru udalak bat eginda".
Beraiek aurkeztu eta onartutako mozioaren bosgarren puntuan jasotako konpromisoak irakurriz erantzun zuen Agirretxek: "Errezilgo Udalak energia kontsumoa murrizteko nahiz energia modu berriztagarrian sortzeko herrian egon daitezkeen aukerak aztertzeko konpromisoa adierazi nahi du. Eta bere prestutasuna adierazten du herritarren partaidetzarako espazioak sortzeko, non herritarrei informazioa eman, eztabaidatzeko aukera eskaini eta adostasunetara heltzeko bitartekoak ezarriko diren. 2050. urtea baino lehen klima neutraltasuna lortzeko eta klima aldaketaren eraginei erresilienteagoa izango den herri bat eraikitzeko, ahalik eta modu justu eta solidarioenean, herri gisa egin beharreko urratsak identifikatzeko".