Udazkenarekin bat eginez, Ibarbi sagarrari balioa emateko, Errezil Sagar Astea antolatu dute Errezilen Ibarbi kultur elkarteak eta Errezilgo Udalak. Aurtengo sagarraren uzta urria izan arren, aurreko urteetan bezalaxe, herriko produktu kuttunaren bueltan ekitaldiak egingo dituzte.
Abenduaren 2an, ostiralean, erleak eta sagarrak gaiaz uztartuz, Balerdipeko erleak: erlezaintza eta gure sagastietan duen garrantzia izenburuko hitzaldia antolatu dute. Hizlari Marttin Jauregi eta Inaxio Arin erlezainak ariko dira. 20:00etan izango da solasaldia, Borondegin.
Igandean, abenduaren 4an, Errezil Sagarraren Eguna ospatuko dute. Hala, 10:00etatik 14:00etara bitartean, azoka egingo dute herriko pilotalekuan. Sagarrak, sagarrarekin egindako produktuak, herriko produktuak eta artisauen produktuak egongo dira ikusgai eta salgai frontoian jarriko dituzten postuetan. Egun horretan, 11:00etan Goiko plazatik irtenda, Errezil Sagarraren Ibilbidean bisita gidatua egiteko aukera izango dute nahi duten guztiek. Ibilaldi horretan gidari Sagardorouteko eta Ibarbi kultur elkarteko kideak ariko dira.