Atzo pintxo poteoarekin eta karaokearekin motorrak berotu ondoren, San Martin eguna ospatzen ari dira gaur Errezilen. Jaien zaindariaren omenezko meza eta hamaiketakoa izan dituzte goizean, baina arratsaldean bota dute aurtengo txupinazoa. Errezilgo Pilota Eskolakoek izan dute 2022ko samartinetako lehen suziriak botatzeko ohorea; 11 neska-mutil igo dira udaletxeko balkoi nagusira han, Xebero Agirretxe alkatearen laguntzarekin suziriak piztera eta behean elkartutakoen txaloak jasotzera.
Txupinazoarenak eginda, txupineroak eta beste hainbat haur eta gaztetxo eskolako jolastokian elkartu dira, berentzat prestatutako jolasetan parte hartzeko eta ondorengo txokolate janaz gozatzeki. Jolasen atzetik haurrei zuzendutako ekintza gehiago zituzten prest, gaztetxoenak izan baitira San Martin eguneko arratsaldean nagusi. Gauean, gazteek eta helduek hartuko diete lekukoa. 21:00etan hasiko da herri afaria frontoian; Erniope elkarteari tokatu zaio antolatzea, eta 280 lagun daude afaltzeko izena emanda. Afalondoren, berriz, Iratazar taldearekin erromeria izango dute, eta gauak luze joko du Errezilen, bihar goizeko zazpietarako gaupaseroen argazkia ateratzeko hitzordua jarria dute eta.
Igande iluntzea bitartean beste hainbat festa ekintza ere izango dituzte. Honako hauek:
Bihar, larunbata
– 07:00. Gaupaseroen argazkia.
– 15:00. Mus eta eskoba txapelketarako izen ematea.
– 15:30. Mus eta eskoba txapelketa, Borondegin.
– 18:00. Elektropottotte.
– 20:00. Sagardo eta pintxo dastaketa.
– 23:00. Obaneukeren erromeria.
– Atsedenean, bingoa.
Etzi, igandea. Haurren Eguna
– 11:00. Haurren kros herrikoia.
– 16:00. Haurrentzat ekintzak, Inguru abenturaren eskutik.
– 18:00. Luze ala motz bakarrizketa. Mirari Martiarenarekin eta Idoia Torregarairekin.
Samartinetako egitaraua, berriz, datorren asteko igandean osatuko dute, Jubilatuen Egunarekin.