Errezilgo I. Natur Jardunaldiak egingo dituzte bihartik hasi eta azaroaren 19ra bitartean

Anartz Izagirre 2022ko azaroaren 8a

'Errezileko basoak' deituriko hitzaldia izango da lehen hitzordua bihar, asteazkena, Borondegi kultur etxean, 20:00etan. Naturkonek eta Lurgaiak antolatu dituzte jardunaldiak. Bestalde, Errezilgo mendietako biodibertsitatea ezagutzeko irteera nahiz 'Basoak eta bertako bizidunak' erakusketa izango dira jardunaldien barruan.

Errezilgo I. Natur Jardunaldiak antolatu dituzte Naturkon taldeak eta Lurgaia fundazioak azarorako Gure arbasoen berreskurapena lelopean, eta bihar, asteazkena, izango da lehen hitzordua. Hain zuzen ere, Errezileko basoak hitzaldia eskainiko dute lehen hitzorduan, 20:00etan hasita, Borondegi kultur etxean. Horrez gain, beste bi ekintza izango dira jardunaldietan; batetik, bihar hasi eta hilaren 19ra bitartean Basoak eta bertako bizidunak erakusketa jarriko dute, Borondegi kultur etxean; eta, bestetik, azaroaren 19an Errezilgo mendietako biodibertsitatea ezagutzeko nahiz baso-kudeaketari buruz hausnartzeko irteera egingo dute, 10:00etan, elizaren ondoko aparkalekutik aterata.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "ekosistemak lehengoratzea eta kontserbatzea" nahiz "Errezilgo korridore ekologikoa errealitate egitea" dira jardunaldiotan landu nahi dituzten helburuak, "biodibertsitatea babestu eta bueltan ekartzeko". Era berean, adierazi dute Urola eskualdean "aukera handia" dagoela "konektibitatea, funtzionaltasuna eta paisaia hobetzeko" Izarraitz, Hernio-Gazume, zein Murumendi mendietan, Urola, Errezil nahiz Ibai Eder erreketan eta Ibai Eder urtegiaren inguruan.

Bestalde, lursailak dituztenentzat eta ekosistema berreskuratzen parte hartu nahi dutenentzat harremanetarako bi modu ezarri dituzte, Lurgaia fundazioaren eta lurren zaintzaren inguruan argibide zehatzagoak izateko. Gaiaren inguruan interesa dutenek info@lurgaia.info helbide elektronikora mezu bat bidal dezakete edo 946-57 61 10 telefono zenbakira deitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide