Errezilgo I. Asto Proba Sariketa jokatuko dute ostiralean eta larunbatean

Nerea Uranga 2022ko urriaren 12a

Sariketako sei parte hartzaileetatik bost eskualdekoak izango dira. Probako saioak 22:00etan hasiko dituzte Errezilgo plazako probalekuan.

Urriaren 14an eta 15ean Errezilgo I. Asto Proba Sariketa jokatuko dute plazako probalekuan. Sei parte hartzaile izango dira, eta egun bakoitzean hiruna ariko dira. Honako partaideen astoek jardungo dute nor baino nor: Argindei (Errezil), Etxabe (Aizarnazabal), Beltxa (Itziar, Deba), Txokolate (Errezil), Menbri (Oikia, Zumaia) eta Txibilter (Azkoitia).

Probako saioak, bai ostiralean eta bai larunbatean, 22:00etan hasiko dira, eta 30 minututan jardun beharko du bakoitzak. Baina proba jokatuko duten astoen pisaketa 20:00etan egingo dute Errezilen; 300 kilotik gorako astoek kilo bakoitzeko kilo bateko gainzama eraman beharko dute proban.

Sariei dagokienez, partaide guztiek jasoko dute diru saria. Sariketako txapeldunak 500 euro, manta eta garaikurra irabaziko ditu; bigarrenak, 450 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 400 euro eta garaikurra; laugarrenak, 380 euro; bosgarrenak, 340 euro; eta azkenak, 300 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide