Indarkeria Matxistaren Kontrako protokoloa kaleratu dute Errezilen

Nerea Uranga 2022ko urriaren 5a

Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateko lau udalerrietarako osatu dute. Prokotoloaren berri emateko eskuorriak banatuko dituzte etxez etxe, eta bideo bat zabalduko dute. Beizaman urriaren 14an egingo dute aurkezpena.

Ia bi urtez jardun dute lantzen Indarkeria Matxistaren Kontrako protokoloa Saiaz gizarte zerbitzuen mankomunitateko lau herrietan (Beizama, Errezil, Bidania-Goiatz eta Albiztur). Denbora horretan saioz saio lantzen joan direnaren emaitza da kaleratu berri duten protokoloa. Joan den ostiralean, irailaren 30ean, aurkeztu zuten Errezilen. "Modu informalean" atera zuten kalera: Borondegiko tabernaren terrazan bildu ziren herriko hainbat emakume, eta mahaiaren bueltan gaiaz hitz egiteko eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten.

Kalean, jendaurrean, aurkezteaz gainera, eskuorriak etxez etxe banatuko dituzte, eta bideo bat ere prestatu dute herritar guztiengana iristeko helburuarekin. Ikus-entzunezko hori bide desberdinetatik zabalduko dutela azaldu zuen Elena Rikondo Saiazeko gizarte langileak. Gainera, "kolektibo desberdinetara" iristeko asmoz, protokoloa hainbat tokitan landuko dute: "Hezkidetzan landuko da herri eskolan, aisialdi zerbitzuaren bidez ere jorratuko da gaia, eta ahalik eta kolektibo zabalarengana iristeko lan egingo da".

Hileko azkenengo ostiraletan pintxo-potea egiten dute Errezilen, eta kalean jendea biltzen den egun bat izanik, iraileko azkenengo ostirala aukeratu zuten protokoloa kalera ateratzeko. "Aurkezpena ez genuen nahi betiko bilera batean eta leku itxi batean egitea. Gertutasuna adierazi nahi genuelako. Horregatik, taberna atarian bildu gara, protokoloaren nondik norakoak azaltzearekin batera, eroso eta pintxo batzuk janez gaiaz hitz egiteko", azaldu zien Rikondok ostiralean hitzordura bildutako emakumeei.

Bi urteko bidean, Indarkeria Matxistaren Kontrako protokoloa lantzen eta saioak dinamizatzen Farapi elkarteak lagundu zien, eta herritarrekin egin dituzten bilkuretara Azkoitiko ertzain etxeko ertzainak, Osakidetzako lehen arretako medikuak, abokatuak, emakume elkarteetako kideak eta abar gonbidatu zituzten.
Aurreneko lana gaia "identifikatzea" izan zela azaldu zuen Rikondok. "Zertaz ari gara hizketan? Zer da indarkeria matxista? Gure gizartean daukagun arazo handienetakoa da indarkeria matxistarena, eta azken urteetan, bereziki mugimendu feministaren lanari esker azaleratu dena. Hasierako lan horretan ere asko landu genuen mikromatxismoaren gaia".

Erantzuna, bateratua
Indarkeria matxistak "herri mailako erantzuna" behar duela jaso dute protokoloan, eta erantzunak "bateratua eta integrala" izan behar du, "Saiazekin koordinatuta eta guztiok elkarlanean egindakoa".

Indarkeria matxistari aurre egiteko eta hori jasaten dutenak babesteko "elkartasuna garrantzitsua" dela nabarmendu zuten ostiralean. "Egoera guztiak desberdinak direnez, denek ez dute erantzun bera behar. Baina erasotuari babesa eman behar zaio, entzun egin behar da, ez da zalantzan jarri behar, ezta epaitu ere. Horrez guztiaz gainera, haren erabakiak errespetatu egin behar dira", jaso dute protokoloan.

Herritar moduan zer egin ere jaso dute Indarkeria Matxistaren Kontrako protokoloan. Hala esaten du: "Herritar gisa erasotuaren anonimotasuna bermatu behar da, zurrumurruak eta morboa saihestu behar dira, eta arduraz jokatzea dagokio herritarrari".

Babes sarea osatzen
Azken hilabeteetan, Saiazek biltzen dituen Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezil udalerrietako hainbat lagunek talde bat osatu dute, eta bertako kideek formazioa jaso dute azken hilabeetan. Talde horren helburua da erakundeetatik ematen den zerbitzua osatzea eta lau herrietan eman daitezkeen indarkeria egoeren aurrean "adi eta prest" egotea.  "Prebentzio lanarekin jarraitu beharra dago, saioek jarraituko dute, eta babes sarea osatzea inportantea da", azaldu zuten aurkezpenean.

Nora jo?
Indarkeria kasu baten aurrean nora jo ere zehaztu dute Saiazeko lau herrietako Indarkeria Matxistaren Aurkako protokoloan:
- Saiaz gizarte zerbitzuetara. Bulegoko telefonoa 943-68 11 28 da eta Elena Rikondo gizarte teknikariarena (goizez) 646 47 84 14.
- SFUS. Aldundiko larrialdiak. Arratsaldeetan, asteburuetan eta jaiegunetan: 943-22 44 11.
- SATEVI, biktimari arreta zerbitzua. Informazioa anonimoko eman daiteke eta hizkuntza desberdinetan eskaintzen du zerbitzua. Doakoa da. Telefono zenbakia: 900 84 01 11.

Beizaman, urriaren 14an
Saiaz gizarte zerbitzuetako lau udalerrietako Indarkeria Matxistaren Kontrako protokoloa urriaren 14an, ostiralarekin, aurkeztuko dute Beizaman. 18:30ean hasita egingo da aurkezpena, udaletxearen azpian. Irekia da hitzordua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide